Espainiako Kultura Ministerioak atzo iragarri zuen 2025eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jasoko duten 35 pertsonen zerrenda. Miren Arzalluz galdakoztarra, Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendaria, da sarituetako bat.
Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioak urtero eskaini ohi ditu Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Dominak eta aurten 35 pertsona sarituko dituzte, atzo iragarri zutenez.
Ernest Urtasun Kultura ministroak egindako proposamenak dira eta Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jasoko duen pertsonetako bat Miren Arzalluz galdakoztarra izango da, arrazoi hauengatik: «Bere ibilbideak ikerketa, kontserbazioa, dibulgazioa eta lidergoa uztartzen ditu, ekosistema kulturalari ikuspegi berriak emanez, tradizioa, berrikuntza eta proiekzio globala lotuz, eta artearen, modaren eta gizartearen arteko lotura indartuz».
Arzalluz Bilboko Guggenheim museoko zuzendari izendatu zuten iazko azaroan, Juan Ignacio Vidarten ordez. Galdakoztarra Historian lizentziaduna da, jantzien historian espezializatuta, eta sei urtetan zehar Parisko Palais Galliera museoa zuzendu zuen, modarekin lotuta mundu osoan dagoen museorik garrantzitsuenetakoa.
Alauda Ruiz de Azúa zinemagile bizkaitarra, Los Chichos taldea, Luis Tosar aktorea, María del Monte artista eta Primavera Sound jaialdia dira Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jasoko duten beste sarituetako batzuk. Zerrenda osoa ezagutu daiteke Espainiako Gobernuaren webgunean.




