Inozente Eguna izan zen atzo, eta BINKEk ezin izan zuen saihestu ziria sartzea —ala sartzen saiatzea—. Baina Galdakaoko Udalak ez du iragarri udalerrian TAO sistema ezarriko duenik, eta are gutxiago komunikabide honek iragarri zituen ‘baldintzekin’. Albiste faltsua izan zen atzokoa.
Galdakaok Trafiko eta Aparkalekuen Ordenantza (TAO) berria ezarriko zuela iragarri zuen pasa den domekan BINKEk, abenduak 28 zituela. Ustezko ordenantza horrekin, udalerri osoan aparkatu ahal izateko ordaindu egin beharko litzateke, auzo bakoitzeko gunearen arabera.
Baina atzoko eguna, irakurle maiteok, Inozente Eguna izan zen. Eta BINKEk argitaratutako notizia erabat faltsua izan zen, inozentada bat, alegia.
Albistea argitaratu eta lehenbiziko orduetan, bereziki, asko izan ziren albistea sinistu zutenak; eta galdakoztarren artean sortutako katramila eta endredoa nabarmena izan zen lagun-talde batzuetan.
Batzuek umoretsu hartu zuten fake albistea, beste batzuek hasarre. Eta beste askok sinistu ere ez zuten egin, edo bai. Tira, doala lerro hauen bidez guztientzako barkamena. Eta bereziki Galdakaoko Udalarentzat, akaso erakundeari sortutakoak ere ez direlako txikiak izan —nahiz eta domeka izan—.




