Aurten ere Gabon Zaharreko San Silvestre zirkuitua lehiatuko da Galdakaon eta horren ondorioz trafiko afekzioak egongo dira gaur herrian. Hemen batu ditugu aldaketa guztiak.
Urte amaierarekin batera, munduko hainbat txokotan Gabon Zaharreko San Silvestre lasterketa lehiatzen da, tartean Galdakaon.
Lasterketak zortzi kategoria izango ditu eta 16:25ean hasiko da lehenengoa, infantilena, BINKEk jaso zuen moduan. Zirkuituak herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu, eta, beraz, errepide mozketa batzuk egongo dira hirigunean.
Zehazki, 15:00etatik 20:00etara Juan Bautista Uriarte kaleko, Lapurdi/Altzadi eta Altzadiko biribilguneko geltokiak funtzionamendurik gabe geldituko dira. Behin-behineko geltokiak Gernika kaleko 5. zenbakian —Bilborako noranzkoan— eta Maximo Moreno parkean —Gipuzkoarako noranzkoan— izango dira. Metrorako autobus zerbitzua erabiltzeko geltokia Pintxazo biribilgunean egongo da.
Bestetik, aipatzekoa da 08:00etatik aurrera debekatuta egongo dela Juan Bautista Uriarte, Zamakoa eta Lapurdi kaleetan —Zamakoa eta Altzadi artean— aparkatzea. Trafikoari dagokionez, 15:00etatik 20:00ak arte Juan Bautista Uriarte kalea Plazakoetxetik udaletxeraino eta Zamakoa kalea Pintxazoko biribilguneraino ibilgailuentzat moztuko dira. Era berean, 17:20tik 18:00etara Zamakoa kaletik Altzadiko biribilgunerako sarbidea moztuta egongo da.
Horrez gain, 15:00etatik 19:30era ezin izango da Juan Bautista Uriarte kaleko garajeetara sartu, ez eta Ganekogorta kalekoetara ere, eta Euskadi kaleko zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da. Azkenik, 15:30etik 20:00etara ezin izango da Errekalde bidean sartu, baimendutako pertsonak eta auzokideak izan ezik.




