Argizai Eskaut Taldeak antolatuko du Erregeen Kabalgata aurten ere, eta formatu tradizionala mantendu nahi izan duen arren, ibilbidea kamioiarekin egingo dela ezagutzera eman du. Taldeak emandako azalpenak batu ditugu albiste honetan.
Gabonei amaiera emango die Erregeen Kabalgatak bihar, urtarrilak 5. Galdakaon hiru erregeek eta Gabone Izarrak egingo dute ibilbidea herrian zehar, Bengoetxeko elizatik hasita 18:00etan.
Argizai Eskaut Taldeak antolatu du kabalgata aurten ere eta taldearen «etsipenez», ibilbidea kamoiez egingo dute erregeek eta Gabonek.
Argizaik azaldu duenez, formatu tradizionala mantentzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Hemen batu dugu taldeak argitaratutako azalpena, hitzez hitz:
«Argizai Eskaut Taldearen izenean, Galdakaoko familia guztiei zuzentzen gara, aurtengo Erregeen Kabalgataren antolaketa-prozesua nola garatu den eta egungo egoerara eraman gaituzten arrazoiak modu argi eta gardenean azaltzeko asmoz.
Askok dakizuenez, iaz kabalgata kamioi baten bidez egokitu behar izan genuen, egitura tradizionalek indarrean zegoen araudia betetzen ez zutelako. Hala ere, taldearen ahaleginari eta eskuragarri zeuden baliabide ekonomikoei esker, Galdakaok Errege Magoen etorreraz gozatu ahal izan zuen, nahiz eta ez izan guk nahi genuen formatuan.
Urte honetan zehar, ibilbide seguru eta duin bat berreskuratzeko aukera emango zuten alternatibak bilatzen lan handia egin dugu. Martxoan, baldintza horiek bermatzen zituzten hainbat proposamen bidali genizkion Udalari, baina ez genuen erantzunik jaso ekainera arte eta, ondoren, irailera arte. Gainera, jasotako erantzunak ez ziren aurretik aurkeztutako aurrekontuetara egokitzen. Azaroan, bideraezintzat jo genituen beste proposamen batzuk helarazi zizkiguten, eta, azkenik, abenduan jakinarazi ziguten onartutako aukera bakarra kabalgata auto deskapotableekin egitea zela: bana Errege Mago bakoitzarentzat eta beste bat Gabonerentzat.
Erabaki hori oso denbora-tarte mugatuarekin ezagutu arren, berehala ekin genion erabilgarri zeuden ibilgailuen bilaketari. Hala ere, datak, eskari handia eta geneukar denbora eskasa kontuan hartuta, ezinezkoa izan da auto deskapotablerik aurkitzea, gure esku zeuden aukera guztiak agortu ondoren.
Egoera honen aurrean, abenduaren erdialdean, Udalak alkatearekin eta ekitaldian inplikatutako gainerako udal-taldearekin bilera bat egitea proposatu zigun. Bilera horretan, kabalgata aurrera eramateko bi aukera baino ez zizkiguten planteatu: oinez egitea edo kamioi baten bidez egitea. Aukera horietako bat ere ez dator bat Galdakaorentzat nahi dugun kabalgatarekin, ezta historikoki egin izan denarekin ere. Hala ere, uste dugu hemendik aurrera Udalarekin benetako eta elkarlanean oinarritutako
lan bati ekin nahi badiogu, eta etorkizunean lehengo kabalgata berreskuratu nahi badugu, urrats hau ematea beharrezkoa dela.
Horregatik, hausnarketa sakon baten ondoren eta egindako ahalegin handia kontuan hartuta, aurten kabalgata kamioian egitea onartzea erabaki dugu, erabaki honek datozen urteetan elkarlanean, koordinatuta eta behar besteko aurrerapenarekin lan egiteko abiapuntu izan dadin. Helburua Galdakaok merezi duen ibilbide seguru, duin eta egokia berreskuratzea da.
Badakigu albiste honek etsipena sor dezakeela —eta guk ere sentitzen dugu—, baina azpimarratu nahi dugu gure esku zegoen guztia egin dugula kabalgata ezagutzen dugun moduan mantentzeko. Beharrezko baliabide materialik gabe, ezin da herritarrentzat ibilbide egoki eta segururik bermatu.
Azpimarratu nahi dugu komunikatu hau zuzenean Argizai Eskaut Taldeak egiten duela, familia guztiei modu hurbil, argi eta gardenean informatzeko, bitartekaririk gabe. Gure helburua prozesuaren eta hartutako erabakien berri ematea da, tradizio hau bizirik mantentzeko egin ditugun urratsak pausoz pauso azalduz.
Amaitu aurretik, Argizai taldearen lana balioan jarri nahi dugu. Taldea 20 eta 24 urte bitarteko boluntarioek osatzen dugu, eta inolako ordain ekonomikorik jaso gabe, hilabete baino gehiagoko ahalegin jarraituan gure aisialdia eskaini dugu ekitaldi hau aurrera ateratzeko. Zailtasunak gorabehera, magia bizirik egongo da. Aurreko urteetan bezala, tailerrak antolatuko ditugu eta tronuak prestatuko ditugu, Galdakaoko haurrek Errege Magoen eta Gaboneren bisitaz gozatu ahal izan dezaten. Herriarekin dugun konpromisoak bultzatzen gaitu baliabide mugatuekin ere jarduera hauek eskaintzera, beti gure onena emanez, ilusioa gure kaleetan barrena zabaldu eta txikienengana irits dadin egun berezi honetan.
Eskerrik asko.
Argizai Eskaut Taldeko begirale taldea».




