Kolorez eta gozokiz beteko dituzte gaur Galdakaoko kaleak Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, Gabone Izarrarekin batera. Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Udalak antolatutako kabalgata 18:00etan hasiko da Bengoetxeko elizatik eta inklusiboa izango da.
Beste urte batez, Errege Magoek Galdakao bisitatuko dute. Meltxor, Gaspar eta Baltasar herriko kaleetan zehar izango dira gaur, urtarrilak 5, 18:00etatik aurrera eta gozokiak banatuko dituzte umeen artean.
Herritar guztiek eta, bereziki, txikienek gozatzeko pentsatutako jardunaldia da, eta aldez aurreko jarduerez eta hasierako ibilbide egokituaz gozatu ahal izango dute, esperientzia «inklusiboa eta segurua bermatzeko».
Jarduerak 16:30ean hasiko dira Bengoetxeko elizaren ondoan kokatuta dagoen aparkalekuan. Gabon festa honetan tailerrak, aurpegi margoketa eta Gabonetako bingo musikala izango dira. 17:45ean aldiz, Errege Magoak kamioira igoko dira Gaboneren ohiko mezuarekin ekitaldiari hasiera emateko, izan ere, ibilbidea kamioiez egingo dute, BINKEk jaso zuen moduan.
Kabalgata 18:00etan hasiko da ofizialki. Desfilearen buruan kamioi bakarra egongo da gabon kanta eta guzti. Gabone Izarra eta hiru Errege Magoak joango dira bertan, eta, atzetik, laguntza logistikoko pick-up bat.
Ibilbidearen lehen zatia egokitua eta inklusiboa izango da, gozokirik bota gabe eta musika eta argiak intentsitate txikiagoan jarrita El Arco tabernaren pareraino, sentikortasun sentsoriala duten pertsonen parte hartzea errazteko helburuarekin. Hortik aurrera, kabalgatak musikarekin, argiekin eta gozokien banaketarekin jarraituko du Gandasegi ikastetxera iritsi arte.
Lehenengo geldialdia kiroldegian egingo da, eta bertan jarriko da jaiotza. Bertan, Gabone eta Errege Magoak euren laguntzaileekin batera jaitsiko dira eta Jesus haurrari eskaintza egingo diote. Ondoren, kabalgatak bere ibilbidea jarraituko du Gandasegi ikastetxeraino.
Ekitaldia amaitzeko, 19:05ean, Gaboneren mezua izango da udaletxean, eta, ondoren, tronuen unea. Gandasegi eskolako babeslekuetan, Melchor, Gaspar, Baltasar eta Gabonek haurren nahiak entzungo dituzte eta euren gutunak jasoko dituzte. Gainera, Udaletxeko plazan txokolatada egongo da, Argizaiko gurasoek prestatua, eta haurrentzako tailer bat, non apaingarriak eskuz egingo diren eta guztiek elkarlanean zuhaitz kooperatibo bat osatuko duten, Argizai Eskaut Taldearen eskutik.
Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete kabalgata aurrera eramateko lanean aritu diren guztiei, eta herritarrak animatzen dituzte bertan parte hartzera.




