Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxe Publikoak matrikulazio epea ireki du eta urtarrilaren 30era arte egongo da zabalik. 18 urtetik gorako pertsonei zuzendutako formakuntza publikoa eta doakoa eskainitzen du zentroak.
Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxe Publikoak (HHI) prestakuntza arautua zein ez arautua eskaintzen die doan 18 urtetik gorakoei, eta dagoeneko zabalik dago ikasturte berrirako izena emateko epea, urtarrilaren 30era bitarte.
Irakaskuntza arautuari dagokionez, HHIk Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko eta, beraz, DBHko titulua lortzeko aukera eskaintzen du.
Eredua malgua da, ikasturte bakoitzean lauhileko bakoitzeko ikastaro bat egiteko aukera ematen baitu, talde txikietan eta goizeko zein arratsaldeko ordutegietan, ikasleen beharretara egokituta. Aukera hori galdakoztarrentzat zein atzerriko jatorria duten ikasleentzat zabalik dago.
Bestalde, arautu gabeko prestakuntzari dagokionez, ikastetxeak informatikako ikastaroak (1. eta 2. mailak) eta baita hainbat hizkuntzatakoak ere eskaintzen ditu: euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania, azken hori bereziki atzerritarrentzat pentsatua. Gainera, azken pertsona horiek nazionalitatea lortzeko azterketa prestatzeko aukera ere badute.
Prestakuntza eskaintzari buruzko informazio gehiago ezagutu daiteke Galdakaoko HHIren webgunean. Halaber, 944 566 098 telefono zenbakira deituz edo Whatsapp bidez 688 810 808 zenbakian jar daitezke herritarrak harremanetan.
Jendaurreko ordutegia hauxe da: astelehenetik barikura, 10:00etatik 12:00etara, eta astelehenetik eguenera arratsaldez ere, 17:00etatik 19:00etara. Ikastetxea Urreta kaleko 4. eta 6. zenbakietan dago.




