Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista usurbildarrak ‘Ilargia eta landareak’ izena daraman 2026ko agenda aurkeztuko du Galdakaon. Saioa Torrezabal Kultur Etxean izango da, urtarrilaren 22an.
Galdakaon izango da Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista usurbildarrak urtarrilaren 22an. Adituak Ilargia eta landareak izena daraman 2026ko agenda aurkeztuko du Torrezabalen 19:00etan, Udalaren eskutik.
Argitalpen hori tresna egokia da baratzegintzan aritzen direnentzat; izan ere, bertan ezagutu ahal izango da urteko aste bakoitzean zer erein, zer landatu, nola inausi, zer uzta jaso… ilargiaren arabera. Gainera, agendak beste eduki interesgarri batzuk ere baditu, hala nola, euskarazko esaera zaharrak edota animaliei eta sasoiko produktuei buruzko informazioa.
Saioan herritarrek horrenbeste estimatzen duten zuzeneko kontsultategia ere eskainiko du adituak, entzuleen galderei erantzunez. Gainera, bertaratzen direnek agenda doan eskuratzeko aukera izango dute, baita salgai egongo diren idazlearen beste liburu batzuk erostekoa ere.
«Lurra zainduta geure burua zaintzen dugula sinetsita», natura babestuta etorkizuna babesten ari garela ulertuta, bertoko produktuak landu eta kontsumitzearen aldeko apustua egiten du Galdakaoko Udalak. Horixe izan zen, hain zuzen, duela ia lau urte bertoko produktuen azoka abiatzeko arrazoia ere. Ordutik, merkatu eguna da eguazten arratsaldea Galdakaon.
Errekondoren solasaldia eta bertoko produktuen azoka norabide berean abiatutako ekimenak izanik, biak uztartu ditu Udalak, eta horregatik izango da eguaztenean solasaldia: lehenengo, 17:00etatik aurrera Agirre Lehendakariaren plazako arkupetan egiten den merkatutik osteratxoa egiteko aukera izango da, eta ondoren, 19:00etan, plaza berean dagoen Torrezabal kultur etxean egingo den solasaldian parte hartzekoa. Horixe egingo du Errekondok berak iaz bezala, azoka bisitatuta.




