Galdakaoko Udalak dirulaguntza bi eskatzeko epea zabaldu du: herriko auzoetan egiten diren jai ekitaldietarako eta eskolaz kanpoko kirol jarduetarako. Bi kasuetan, eskabideak aurkezteko epea otsailaren 25era bitarte egongo da zabalik.
Herriko bizitza komunitarioa sendotzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin, Galdakaoko Udalak irulaguntza bi eskatzeko epea zabaldu du.
Alde batetik, herriko auzoetan egiten diren jai ekitaldietarako dirulaguntzak emango ditu, eta, bestetik, eskolaz kanpoko kirol jokoetan parte hartzen duten entitateei zuzendutakoak. Bi kasuetan, eskabideak aurkezteko epea otsailaren 25era bitarte egongo da zabalik.
Lehenengo dirulaguntza Udalak zuzenean kudeatzen ez dituen Galdakaoko auzoetako jaiak babestera zuzenduta dago, ekintzak antolatzen parte hartzen duten elkarteei hain zuzen. Zenbateko osoa kasu honetan 50.000 eurokoa izango da, eta hainbat irizpide kontuan izango dira balorazioa egiterako orduan, hala nola jarduera eta jaiegun kopurua, auzoaren kokapena, elkarteak aurkeztutako aurrekontua, auzoko biztanle kopurua, genero berdintasuna eta euskararen erabilera.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, horiek ezinbesteko jarduerak eta justifikatuak izan beharko dira. Horien artean, animazioa, musika, ekipamendua, garraioa, materiala, irakasle edo begiraleak, sariak eta jardueren publizitatea sartzen dira.
Deialdia Aperribai, Bekea, Olabarrieta, Erletxe, Iberluze, Urreta, Bengoetxe, Tximelarre Bekoa, Tximelarre Goikoa, Elexalde, Zuhatzu, Zabalea eta bestelako tokietan antolatutako jaietara zabalik dago, betiere aurretik udal baimena badute.
Beste dirulaguntza eskolaz kanpoko ordutegian kirola bultzatzera bideratuta dago, kirol elkarte eta klubei zuzenduta. Guztira 37.000 euroko aurrekontua du. Laguntza Galdakaoko ikasleek kirola egiteko programak sustatzekobeharrezkoak diren gastuak egiteko izango da, hala nola arbitrajeak, kirol lizentziak, material teknikoa, sariak eta ekitaldietako gastu txikiak. Dirulaguntza honen helburuak kirol anitzeko jarduerak babestea, kirolaren bidez euskararen erabilera areagotzea, kirol ekimen inklusiboak bultzatzea eta bertako kirolak sustatzea da.
Bi laguntza horiek norgehiagoka emango dira, eta beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak dira, betiere dirulaguntzen eta bestelako iturrien bidez lortutako zenbatekoa ez bada diruz lagundutako programaren kostua baino handiagoa.
Galdakaoko Udalak, bi laguntza hauen bidez, herriko auzoak bizitzeko leku oparoa izan daitezen eta gaztarotik bizitza osasuntsua sustatzeko duen konpromisoa berresten du, komunitatea indartzen dituzten ekimenak babestuz.




