Gaur hamar urte aurkitu zuten Hodei Egiluzen gorpua, Anberesen

Argazkia: DEIA.

Hamar urte bete dira gaur, otsailak 11, Hodei Egiluz galdakoztarraren gorpua Anbereseko Eskalda ibaian aurkitu zutenetik. Gaztea 2013ko urriaren 19an desagertu zen Flandriako hirian, eta senideek 853 egun eman zituzten Egiluzen bila. Galdakao eta Euskal Herri osoa hunkitu zituen kasuan gertatutakoa gogoratu nahi izan du BINKEk ondoko erreportajean, maitasun eta errespetu osoz.

Gaur, eguaztenarekin, hamar urte bete dira Hodei Egiluz Diaz galdakoztarraren gorpua Anbereseko Eskalda ibaian aurkitu zutenetik. Semearen berririk 853 egun eman ostean, albiste txarrena jaso zuten senideek 2016ko otsailaren 19an: zortzi egun lehenago Anberesen aurkitutako gorpua Hodeirena zen.

Egiluz informatika ingeniaria zen eta Flandriako hirian bizi zen 2013ko apiriletik. Hilabete gutxitan lagun taldea egin eta haiekin irten zen urriaren 18ko gauean. Orduantxe galdu zen Hodeiren arrastoa, gazteak goizaldeko hirurak aldera lagunak agurtu eta etxera zihoala esan zienean.

Etxerako bidean ordea, lapurreta egin zioten, eta gero gertatutakoari buruz ez dago informazio askorik. Arrasto bakanetako bat banketxe bateko segurtasun-kamera baten irudiak izan ziren, ustez Hodei ibaiaren ondoan ikusi zutenak. Hori izan zen Hodeiren azken irudia.

Lau urteko kartzela-zigorra

Hodeiri lapurreta egitea leporatuta, lau lagun epaitu zituzten 2016ko irailean, eta laurak zigortu zituzten. Lapurreta leporatu zieten, baina desagerpenari buruzko deliturik ez. Fiskalak egindako zigor eskariak onartu zituen auzitegiak.

«Semea galdu eta hain epai irrigarria. Hainbeste denbora itxaron, hainbeste sufrimendu honetarako. Justizia hain da konplikatua, konplexua, gogorra eta zentzugabea», adierazi zuen Hodeiren amak epaia ezagutzean.

Geroztik, ez da kasu honen inguruko beste berririk izan, eta desagerpena argitu barik artxibatu zuen epaileak Hodei Egiluz herrikidearen kasua. Bidegabe.

Herri oso bat elkarturik

Hodeiren desagerpenak oihartzun handia izan zuen Galdakaon eta baita gure mugetatik kanpo ere. Kurtzeko plazan ehunka eta ehunka pertsona batzen ziren hilabetero ekitaldi hunkigarrietan, eta Euskal Herri osoko goi mailako politikariak ere etortzen ziren Galdakaora, Hodeiren senideak babestera.

Herritarrak eta erakundeak Hodeiren bilaketan inplikatu ziren, eta gaztearen familiarekin eta Belgikako poliziarekin batera aritu ziren bera aurkitzeko elkarlanean. Galdakaoko Udaleko ordezkariek Anberesera ere maiz bidaiatu zuten, tartean Ibon Uribe orduko alkatea zela.

Uribek BINKErekin oroitu du garai hartako bizipen gogorra, «sekula ahaztuko ez dugun eskarmentua», bere hitzetan. «Egiluzen desagerpenean ez zan bereizketarik egon: herritarrak eta erakundeak danak alkarregaz egon gintzezan, familiak behar eban horretan», gogoratu du alkate ohiak hunkiturik. Eta esaldi hauek baliatu gura izan ditu familiari maitasunezko besarkada estua bidaltzeko.

Gugan bego, Hodei.

situs togel

situs toto