Nazioarteko eta goi-mailako kickboxing ikuskizun handia hartuko du Galdakaoko Urreta kiroldegiak bihar, otsailak 14. Guztira 16 borroka izango dira, eta sarrerak eskuragai daude.
Galdakao Nazioarteko kickboxing onenaren epizentro izango da berriz bihar, otsailak 14. Mamba Fight Clubek Galdakaoko Udalaren babesarekin antolatzen duen ekitaldiak Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetako batzuk bilduko ditu.
Topaketa Urretako kiroldegian izango da, 17:00etan hasita, eta guztira 16 borroka izango dira. Ekitaldia amateur mailako saioarekin hasiko da eta kategoria horretan hamar borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Maila horretan parte-hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.
Borroka profesionalen txanda, berriz, 20:00etatik aurrera izango da. Kasu honetan, sei borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude antolatzaileen webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urretako kiroldegiko leihatilan. Azken horretan, ekitaldiaren egunera arte erosi ahal izango dira. Prezioak 25 eta 50 euro bitartekoak dira, borrokak harmailatik edo lehen lerrotik ikusteko aukera izateko, hurrenez hurren.
Bihar 16:00etatik aurrera kiroldegia itxita egongo da beste jarduera batzuetarako.




