Trauma baten ostean umoreak izan dezakeen papera jorratzen duen Bi baso bat ur antzezlana Torrezabalen estreinatuko du Metrokoadroka kolektiboak. Otsailaren 19an izango da estreinaldia, eta aurretik egonaldia egin dute Galdakaon obra sortzeko.
Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak adin eta zaletasun guztiei zuzendutako 22 ikuskizun hartuko ditu ekainera bitarte, eta egitarau zabala eskaintzeaz gain, paper berezia izan du azken asteetan.
Metrokoadroka kolektiboak otsailaren 19an estreinatuko du Galdakaon Bi baso bat ur obra eta Torrezabalen bertan egin da horren sorkuntza prozesua.
Edurne Azkarate eta Oier Guillan Metrokoadroka Kolektiboko kideek adierazi dutenez, zenbait asteetan zehar izan dira Torrezabal Kultur Etxean obra sortzen Geuretik sortuak proiektuari esker, eta egonaldia egin dute Galdakaon. «Polita da aretoek bizitza izatea asteburuko emanaldiez gain, eta guretzat oso aberasgarria izaten ari da Galdakaon egotea», nabarmendu du Azkaratek.
«Herriko jendearekin elkarrizketak izan ditugu, hemen egindako egonaldiak obran isla izatea nahi izan dugulako», azaldu du Guillanek. Obrak tratu txarren osteko alaitasuna du abiapuntutzat: «Trauma baten ostean umoreak izan dezakeen papera jorratu nahi izan dugu».
Obraren estreinaldia barikuan, otsailak 19, izango da 19:00etan, eta sarrerak eskuragai daude Torrezabalen eta ohiko webgunean.




