Galdabusaren erabiltzaileen asebetetze maila zein behar nagusiak ezagutzeko asmoz, inkesta bat jarriko du martxan Udalak. Otsailaren 23tik 27ra bitartean egingo du, autobusetan eta kalean.
Galdabusak 100.000 erabileratik gora izan zituen iaz. Zehazki, 100.556 bidaia izan zituen Galdakaoko autobus publikoak, aurreko urtean baino %8,81 gehiago.
Baina, «zifretatik harago, bidaia kopuruaren hazkundeak zerbitzuak herriaren benetako behar bati erantzuten diola eta mugikortasun eredu orekatuago eta jasangarriago baten alde egiten duela erakusten duela», adierazi du Galdakaoko Udalak, zerbitzua aztertu eta fintzeko lanetan ari dela nabarmenduz.
Horretarako, erabiltzaileen asebetetze maila zein behar nagusiak ezagutzeko, inkesta egingo du Udalak otsailaren 23tik 27ra bitartean. Ikerketa autobusetan bertan eta kalean egingo da, eta azterketa egiten ari den enpresak hamar minutu ingurutan erantzun daitekeen inkesta laburra prestatu du, erabiltzaileek «modu eraginkor eta arinean betetzeko» pentsatua.
Landa lanaren bidez, ohiko zein aldizkako erabiltzaile diren pertsonen iritziak jasotzea da helburua, eta beraz, «parte hartzea eskertzen du Udalak, zerbitzua nola ematen den aztertzeko, baita iradokizunak eta hobekuntza proposamenak jasotzeko ere».




