Korrikaren lekukoa hartuko dute Galdakaoko haurrek Barikupasa saioan

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Martxoaren 27an igaroko da Korrika Galdakaotik, eta hilabete lehenago euskararen aldeko ekimena landuko dute herriko gazteenek Barikupasa saioan. Hitzordua otsailaren 27an izango da, Urreta eskolako arkupeetan.

Haur eta helduen arteko harremanaren hizkuntza praktikak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko helburuz, Barikupasa ekimenak urteko bigarren saioa antolatuko du barikuan, otsailak 27.

Urreta eskolako arkupean izango da, 17:15ean, eta Korrika landuko dute gazteek saioan, «herriko familien eta haurren parte hartzeak euskararen eta bertako ohituren transmisioa urte osoan zehar sendotzen laguntzen dutelako».

Hitzordurako haur eta gurasoentzako karaokea prestatu dute Bagabizek, Argizaiek, Ludotekek, AEK-k eta Galdakaoko Udalak elkarlanean.

Sandra Fernandez kantariak aurkeztuko du saioa eta guztiek elkarrekin Korrikaren historian zehar izan diren kantuak abestuko dituzte: 1980. urteko lehen edizioko abestitik hasi eta Akelarre, Egan, Oskorri, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Joxe Ripiau, Fermin Muguruza, Mikel Laboa eta Ruper Ordorika, Afrika, Niko Etxart, Betagarri, Gose, Esne Beltza eta Anarirenak, besteak beste. Zetak talde nafarraren Xiberutik Mendebaldera kantua ere abestuko dute, azken edizioa iragartzeko kanta.

Aurreko saioak bezala, Barikupasa ekimena doakoa da, baina familiek aldez aurretik izena eman behar dute online galdetegiaren bidez.  


situs togel

situs toto