Bizkaiko Foru Aldundiak hondakin organikoa zuzen bereizteko kanpaina jarri du martxan, eta horrekin bat egin du Galdakaok. Bihar, martxoak 6, informazio eta sentsibilizazio saioa hartuko du Agirre Lehendakariaren plazak.
Hondakin organikoak behar bezala bereiztea keinu «erraza da eta planetaren jasangarritasunean eragin zuzena du». Herritarren konpromiso hori indartu eta herrian edukiontzi marroiaren erabilera handitzeko helburuarekin, Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako A ze marroia kanpainarekin bat egin du.
Galdakoztarrak hondakin organikoa zuzen bereizteko pausoa ematera animatzea da helburua eta horren harira, bihar, martxoak 6, 11:00etatik 18:00etara, informazio eta sentsibilizazio saioa egingo da Lehendakari Agirre plazan, hainbat dinamika parte hartzaile eta lehiaketarekin.
Modu ludikoan, herritarrek hondakin organikoen bereizketa eta kudeaketa egokiari buruz duten ezagutza frogatzeko aukera izango dute.
A ze marroia ekimena herritarrei bilketa sistema hau ohiko moduan erabil dezaten laguntzeko jarduera praktiko, ikusgarri eta hurbil gisa diseinatu da. Horregatik, jardunaldian argi azalduko da zer hondakin bota behar diren edukiontzi marroira, zergatik erabili behar diren poltsa konpostagarriak eta zein garrantzi duen materia organikoa ondo bereizteak, ingurumenaren zein ekonomiaren ikuspegitik.
Halaber, edukiontzien identifikazio eta itxiera sistemari buruzko informazioa emango da, eta interesa duten pertsonek aurrerantzean alta emateko jarraitu beharko dituzten urratsak ere azalduko dira.
Edukiontzi berriak
Galdakaoko Udalak azaldu duenez, kanpaina hau herrian edukiontzi marroiak berritu eta ugaritzeko prozesuarekin bat dator. Lan horiek martxoaren amaierarako bukatzea aurreikusten da, eta irisgarritasuna hobetu eta bilketa bereizia indartzea ahalbidetuko dute.
Edukiontzi berriak ezartzearekin batera, orain arte erabilitako txartelak baliogabe geratuko dira, eta berritu egin beharko dira. Udalak ESAN herritarren arreta bulegoaren bidez alta emateko prozeduraren azalduko du.




