Galdakaoko Bengoetxe auzoan erortzeko arriskuan dagoen eraikin abandonatu bat hustu zuten atzo Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak. Guztira 15 pertsona aterarazi zituzten eraikinetik.
Atzo, eguaztena, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak, Galdakaoko Bengoetxe auzoko eraikin abandonatu bateko eraikin bat hustu zuten, aurretik publikatu dugun bideoan ezagutu daitekeen moduan.
Ertzaintzak azaldu duenez, eraikinean gaua ematen zuten pertsonen integritate fisikoa «arrisku larrian» zegoela ikusirik hustu zuten eraikina. «Galdakaoko Udaleko hirigintza-teknikari batek egiaztatu du eraikinaren egitura egoera txarrean dagoela eta eraikina kolapsatzeko arriskuan dagoela», adierazi du Ertzaintzak.
Eraikina husteko unean 15 pertsona zeuden barruan, eta «arazorik gabe» atera ahal izan ziren eraikinetik. Suhiltzaileek barruan ez zela inor geratzen egiaztatu zuten.
Ondoren, Polizia Nazionalaren Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadako agenteak arduratu ziren eraikinetik ateratako pertsonen nortasunak egiaztatzeaz. Horietako bi haien egoitzara eraman zituzten, Estatuan duten lege-egoera egiaztatzeko.
Ertzaintzak identifikatuetako bat atxilotu zuen, 30 urtekoa, atxilotzeko errekisitoria judiziala baitzuen indarrean.
Bestalde, osasun-arloko langile batek eraikinetik atera zuten beste pertsonetako bat artatu behar izan zuen, berak eragindako ebaki bat baitzuen bekokian, eta osasun-zentro batera eraman zuten.
Horrez gain, identifikatuetako bi elkarri joka hasi ziren, eta Brigada Mugikorreko agenteek esku hartu behar izan zuten borrokan jarrai ez zezaten. Horietako hiruk asistentzia medikoa behar izan zuten.
Galdakaoko Udaleko obretako langileek eraikina hormatu dute, berriro inor barrura sar ez dadin.
Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak bere aldetik, 13 pertsona kale gorrian utzi dituztela salatu du, «inongo abisu barik», eta mobilizazioak iragarri ditu.




