Galdakaoko Urreta kiroldegiko igerileku txikia martxan da berriz, asteburuan izandako arazo tekniko baten ondorioz aldi baterako itxita egon ondoren.
Asteburuan Urreta kiroldegiko igerileku txikiko uraren parametroak kontrolatzen dituen modulua hondatu egin zen.
Horren ondorioz, igerileku hori itxi behar izan zuten, elementu hori «ezinbestekoa» baita indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen osasun baldintzak bermatzeko.
Kirol zerbitzuak ematen dituen enpresako langileek ordea irtenbide azkarra aurkitu dute, eta igerilekua irekita dago berriz.
Matxura udal instalazioetan gertatutako argindar eten baten ondorioz sortu zen. Hornidura mozketa beste eraikin batean izan bazen ere, badirudi igerilekuko sistemari ere eragin ziola.
Horren ondorioz, uraren kloro maila eta pH-a erregulatzen dituen modulua hondatu zen. Hori uraren desinfekzio egokia bermatzeko funtsezko elementua da, eta, beraz, bainuaren kalitatea eta segurtasuna ziurtatzeko ezinbestekoa.
Hasieratik bertatik, Udalari kirol zerbitzuak ematen dizkion enpresako langileek zerbitzua ahalik eta azkarren berrezartzeko lanean aritu dira. Egoera aztertu ondoren, neguko denboraldian itxita dagoen Elexaldeko igerilekuko modulua probatzea erabaki zen.
Egindako probek baieztatu zuten ordezko irtenbideak «behar bezala» funtzionatzen zuela, eta, horri esker, instalazioa normaltasun osoz berriro ireki da.
Udalak «eskerrak eman dizkie zerbitzuaren erabiltzaileei gorabeherak iraun duen bitartean erakutsitako ulermenagatik eta lankidetzagatik, eta sortu ahal izan diren eragozpenenak sentitzen ditu».




