Martxoaren 27an pasako da Korrika Galdakaotik, eta aurten ere herritarrek eramango dute Korrikaren lekukoa Galdakaoko Udalaren kilometroan. Galdakoztar bi aukeratuko dituzte zozketa bitartez.
Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik Bilbora antolatuko da, martxoaren 19tik 29ra, eta 2.175 kilometro izango ditu guztira. Galdakaotik martxoaren 27an pasako da, BINKEk jaso zuen moduan.
Ohi duenez, Galdakaoko Udalak euskararen aldeko ekimenaren kilometro bat erosiko du Juan Bautista Uriarte kalean, eta bigarren urtez herritarrek eramango dute Korrikaren lekukoa zati horretan, Udalaren izenean.
Bi herritarrek izango dute Galdakaoko tarte horretan lekukoa eramateko erantzukizuna. Horiek zozketa bidez aukeratuko dira, eta parte hartu nahi dutenek domekara arte, martxoak 15, eman dezakete izena.
Online eskuragarri dagoen formularioa betez egin daiteke, NAN-a, izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adieraziz.
Zozketa martxoaren 16an egingo da Euskara Batzordean, eta astean zehar
jakinaraziko du Udalak nortzuk izango diren Galdakaoren izenean Korrikaren lekukoa eramango duten herritarrak.




