Galdakaoko gazteak, ingurumena zaintzeko lanean

Argazkiak: Irati Alonso García eta BINKEri bidalitakoak.

Ekozaleak elkartea iaz jaio zen Galdakaon, animalien ongizatea eta ingurumenaren zaintza sustatzeko helburuz. Proiektuaren arduradunekin eta kide batzuekin batu da BINKE, elkartearen inguruan gehiago sakontzeko asmoz. 

Gatazka armatuek, segurtasunak eta kolonizazioek gero eta arreta politiko handiagoa dute. Eztabaida publikoa eta geopolitika dira gaur egun agenda politikoak betetzen dituzten aferak, eta alde batera utzi da gutxi batzuek guztiz kontrolatu nahi duten mundu honen arazo garrantzitsuenetako bat: aldaketa klimatikoa. 

Testuinguru horretan jaio zen iaz Ekozaleak taldea Galdakaon, Argizai taldearen babespean. «Gazteek aipatzen dituzten arazo nagusien artean dago ekologismoa, eta horren harira jarri zen martxan Ekozaleak taldea, haien egonezina bideratu eta gaiaren inguruan hausnartzeko», azaldu du Idoia Estebanek, Argizai taldeko arduradunetako batek. «Harrituta geratuko ginateke gure herriko gazteek gaiaren inguruan duten kontzientziarekin», azpimarratu du.

Maila ezberdinetako eragina. Ekimenak hiru oinarri nagusi ditu: animalien ongizatea, ingurumenaren zaintza eta 3R-ak —murriztu, berrerabili eta birziklatu—. «Ekologismoa abiapuntu duen proiektua da, baina hiru zutabe horietan oinarritzen dena», azaldu du Estebanek, gazteek ingurunearekin duten harremanean ohitura ekologikoak eta praktika etikoak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzea bilatzen dutela nabarmenduz: «Tokiko mailan zein maila globalean eragin positiboa sortu nahi dugu». 

Guztira, 15-30 urte bitarteko 60 gazte inguruk parte hartzen dute proiektuan, eta askok hasieratik izena eman zuten arren, beste batzuek senide edo lagunengatik ezagutu zuten Ekozaleak taldea. «Ikasteko eta ondo pasatzeko aukera oso ona zela esan ziguten eta etortzen hasi ginen», aitortu dute kideetako batzuek.

Ekintzak. Elkarteak zenbait ekintza burutu zituen iaz, besteak beste, Ekozaleen gazte parte-hartze taldea, Galdakaoko gune desberdinetan zuhaitz landaketa, hondartza garbitzeko irteera, eta animalien ongizateari buruzko solasaldia. Gazteentzako gustokoenetakoa hondartza garbitzeko ekimena izan zen. «Ingurua oso polita zen, eta lekuaz disfrutatzeko aukeraz gain, zaborra batzeko aukera izan genuen», adierazi dute gazteek. «Herrian egin genuen zuhaitz landaketa ere aberasgarria izan zen, herrian eragin positiboa izan dezakeen ekintza delako», gehitu dute parte-hartzaileek. 

Hain zuzen, aurretik egindako ekintza guztiak eta proiektua bera ezagutzera emateko helburuz, ekitaldia antolatu zuten duela aste batzuk, Torrezabal Kultur Etxean. Bertan, Youthpass agiriak banatu zituzten ere. Agiri hori Europako programen barruan finantziatutako proiektuetan parte hartzearen ondorioz garatutako ikaskuntza ez formala aitortzen duen agiria da.

Partaidetza. Hurrengo ekintzak zeintzuk izango diren ez dute oraindik zehaztu, baina ildo beretik joango dira. «Gazteekin bilerak egiten ditugunean, haiek proposatzen dituzte gaiak. Somatzen dituzten beharrak jartzen dituzte mahai gainean, eta horiei konponbide bat emateko zer egin ahal dugun proposatzen dute», azaldu dute Ekozaleak proiektuko arduradunek.

«Gurekin dauden kide gehienak nahiko gaztetxoak dira eta ulertzen dugu askotan bultzadatxo bat behar dutela hitz egin eta gauzak proposatzeko. Horregatik, askotan, jokoen bitartez egiten saiatzen gara, haiek partaide sentitzeko», adierazi dute. 

«Garrantzitsuena haien ahotsa entzun eta kontuan hartzea da. Askotan ez dira gazteen nahi eta kezkak kontuan hartzen, eta horren ondorioz, gazteak ez dira proposamenak egitera animatzen. Guk ordea, ekologismoaren eta animalien ongizatearen inguruan hausnartu eta denon artean ekintzak pentsatu eta egiteko espazio seguru bat eskaintzen diegu», nabarmendu du Estebanek. 

«Modu librean hitz egin eta entzuteko espazioa da, zeinetan ez dira gure ideiak epaitzen, baizik eta eragin positiboa lortzeko kontuan hartzen»,
diote gazteek. 

Animatzeko deia. Horregatik, taldean izena eman eta haiekin Ekozaleak proiektuan egiten diren ekimenetan parte hartzera animatu dituzte herriko gazteak: «Benetan esperientzia aberasgarria da, eta merezi du aukera bat eman eta bileraren batera etortzea, ikusteko gozatzeko eta hausnartzeko leku aproposa dela. Gure herrian eragin positiboa izan dezaketen ekintzak aurrera eramaten ditugu, baina baita maila orokorragoan ingurumena babestera lagundu dezaketenak ere». •

situs togel

situs toto