Roqueland maketen bilduma jarri du ikusgai berriz Roberto San José galdakoztarrak. Bilboko Abracadabra jostailu dendan ikusi daiteke, astelehenetik zapatura.
Galdakaon ezaguna da Roberto San José, bereziki Guridi eta Euskadi kaleen artean urteetan Roquechar elikagai dendaren arduran izan delako. Denda hori berezia zen etxeko txikienentzako, erakuslehioan beti izaten zituelako berak eskuz egindako maketa bizidunak.
Galdakoztarrak 2024an itxi zuen denda, baina maketak ikusteko aukera eskaintzen jarraitu du. Egun hauetan esaterako, Bilboko Abracadabra jostailu dendan ikusi daiteke Roqueland unibertsoa.
Astelehenetik zapatura bitarte dago ikusgai maketen bilduma, 10:00-14:00 eta 16:30-20:30 ordutegian. Sarrerak bi euroko prezioa du.




