Galdakao Atletismo Taldeak Galdakaoko Herri Krosa antolatuko du apirilaren 26an. Lasterketaren 14. edizioa izango da, eta kategoria bakoitzeko kirolariek distantzia ezberdina egingo dute.
Ehunka kirolari batuko ditu berriz Galdakao Atletismo Taldeak Herri Krosean. Apirilaren 26an izango da lasterketa, eta hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa.
Lasterketan izena emateko epea apirilaren 1ean zabalduko da, eta webgune bitartez egin beharko da. Apirilaren 23a baino lehen izena ematen dutenek 10 euro ordainduko dute eta lasterketaren egunean bertan izena emanez gero, berriz, 15 euro.
2012tik aurrera jaiotakoek eta kategoria paralinpikoan parte hartuko dutenek ez dute ordaindu beharko apirilaren 23a baino lehen izena emanez gero, baina, egunean bertan izena ematen badute, 5 euro ordaindu beharko dute.
Txapelketa 11:00etan hasiko da, eta kategoria bakoitzak ordutegi eta distantzia ezberdinak izango ditu:
- Benjaminak: 11:00, 600 metro
- Kimuak: 11:15, 1.000 metro
- Kadeteak eta haurrak: 11:30, 2.000 metro
- Paralinpikoak (kategoria egokitua): 11:45, 1.000 metro
- Paralinpikoak (kirol trebetasunak): 11:45, 2.000 metro
- Gazteak: 12:00, 3.854 metro
- Juniorrak: 12:00, 3.854 metro
- Senior: 12:00, 7.708 metro
- Beteranoak: 12:00, 7.708 metro
Parte-hartzaile bakoitzak kamiseta bat jasoko du oroigarri gisa dortsalarekin batera, eta, lasterketa amaitzean, jaki eta freskagarriekin poltsa bana ere jasoko dute guztiek. Horrez gain, parte-hartzaileek Urretako kiroldegiko aldagelak erabili ahal izango dituzte.
Sariei dagokienez, honakoak izango dira:
- Gizonezko seniorrak: garaikurra + txapela
- Emakumezko seniorrak: garaikurra + txapela
- Gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuetako lehen bost sailkatuentzat sariak eskudirutan emango dira: 175 euro (1.), 140 euro (2.), 100 euro (3.), 75 euro (4.) eta 50 euro (5.)
- Kategoria absolutuan sailkatutako herriko lehenengo emakumearentzat eta lehenengo gizonarentzat saria
- Kategoria eta sexu bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuentzako garaikurrak
- Sari zozketa probak amaitzean




