Galdakaoko udaletxea bisitatu zuten martxoaren 23an Urreta Eskolako LH 3. mailako 66 ikaslek. Bertan, Udalaren lana ezagutu ahal izan zuten Iñigo Arriandiaga alkatearen eskutik.
Urreta Eskolako LH 3. mailako 66 ikaslek Galdakaoko udaletxea bisitatu zuten martxoaren 23an. Ikasleek udal eraikina goitik behera zeharkatu zuten, bizitza komunitarioa nolakoa den ikasi, hausnartu eta horri buruz galderak egiteko prestatutako ibilbidean.
Iñigo Arriandiaga Hernando alkateak udaletxe sarreran eman zien ongi etorria haurrei, eta udaletxearen guneak erakutsi zizkien.
Horrela, ikasleek udal langileen bulegoak eta lan guneak ezagutzeko aukera izan zuten ibilbide osoan zehar. Langileek, gainera, «modu atseginean azaldu zieten egunero egiten duten lana eta euren erabakiek herritarren bizitzan duten eragina».
Bisitan tokiko ondarea eta kultura hurbiletik ezagutzeko aukera ere izan zuten. Arriandiagak laburki azaldu zien Victor Sarriugarteren La espera margolana, udal bulegoetara igotzeko eskailera nagusian gailentzen dena, eta baita alkatearen bulegoan dagoen Gernikako arbolarena ere.
Era berean, Santakurtz egunean pregoia irakurri eta txupina botatzen den balkoia erakutsi zien, ikasleei herriko ospakizunak nolakoak diren eta herritarrak tradizioen inguruan nola biltzen den irudikatzeko gonbita eginez.
Udaleko arlo eta guneak ezagutu ondoren, pleno aretoan amaitu zuten bisita. Ikasleek Udalaren funtzionamenduari eta alkatearen lanei buruzko galderak egin dizkiote Arriandiagari eta alkateak zabal erantzun zien.
Ondoren, osoko bilkuraren funtzionamendua ezagutzera gonbidatu zituen ikasleak: zinegotzien eta alkatearen beraren eserlekuetan jarrita, proposamen diferenteen arteko aukeraketa egin dute, herriarentzat onena zer den pentsatu eta botoa emanda.
«Gustora egon dira ikasleak, eta, alkateari eskainitako denboragatik eta irakaspenengatik eskerrak eman ondoren, Urreta eskolara itzuli dira zer kontatu ugarirekin», azaldu dute Udaletik.




