Martxoko osoko bilkura egin zuen eguaztenean Galdakaoko udalbatzak, eta bertan Berdintasunerako Barne Plana onartu zuen, lehen aldiz. Udal langileak genero ikuspegiz lan egiteko gaitzea eta egituretan genero arrakalak saihestea dira planaren erronketako batzuk.
Herenegun, martxoak 27, martxoko osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta saioan hiru izan ziren aztergai nagusiak: gizon eta emakumeen parekidetasunerako neurriak, irisgarritasuna eta Usansoloko Udalarekiko lankidetza hitzarmena.
Parekidetasunerako neurriei dagokienez, Berdintasunerako Barne Plana onartu zuen udalbatzak, lehen aldiz. Berdintasun Arloak eta Giza Baliabideen Arloak elkarlanean ondutako plana da, eta Udalaren barne funtzionamenduan eragitea da planaren helburua.
- Arloen arteko elkarlana plana aurrera eramateko
- Trebakuntza: udal langileak genero ikuspegiz lan egiteko gaitzea, berariazko trebakuntzen bidez zein trebakuntza orokorretan genero ikuspegia txertatuz
- Egituretan genero arrakalak saihestea
- Erakundearen kultura berdinzaleagoa sustatzea
Lan ildo nagusi horiek ekintza zuzenekin gauzatuko dira lau urteko planean: 2026rako 23 ekintza aurreikusi dira, 2027rako beste hainbeste, 2028rako 17 eta 2029rako aldiz, 14.
Aldeko 15 botoekin eta 5 abstentzioekin hartu da erabakia. EH Bilduk, UHk, Auzoakek eta PSE-EEk babestu dute, eta EAJ-PNV abstenitu da.
Bestalde, Usansoloko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzea adostu zuen udalbatzak, Usansoloko Udalaren eskumeneko zenbait zerbitzu publiko beste urtebetez kudeatzen jarraitzeko. Udal Gobernuko aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu zen hitzarmena.
Azkenik, Irisgarritasun Unibertsaleko Udal Ekintza Plana egiteko mozioa onartu zuen udalbatzak, aho batez. PSE-EEk aurkeztu zuen, BINKEk jaso zuen moduan, eta EH Bildu, Auzoak eta UHk aurkeztutako helegitea txertatu zen. Hemen irakurri daiteke mozioa, hitzez hitz.




