Itzuliako Galdakaoko etapak 167 kilometro izango ditu

Argazkia: Oskar Gonzalez.

Euskal Herriko txirrindularitza lasterketarik ezagunenak, Itzuliak, hasiera eta helmuga Galdakao izango ditu etzi, apirilak 9, lehiatuko den laugarren etapan. Proba 13:20ak inguruan abiatuko da Plazakoetxe eta Iberluze biribilguneen artean, eta guztira 167 kilometro izango ditu. Ezagutu hemen ibilbide osoaren xehetasunak.

Euskal Herriko txirrindularitzaren erdigune bihurtuko da Galdakao etzi, apirilak 9, izan ere, Itzulia Basque Country 2026ko laugarren etapak herriko kaleak zeharkatuko ditu.

Jardunaldia 11:45ak inguruan hasiko da Kurtzeko plazan, txirrindularien aurkezpenarekin. Ekitaldia herriko txirrindulari ospetsuenei omenaldia egiteko aprobetxatuko da. Igor Anton, Ramontxu Gonzalez Arrieta eta Iñaki Astigarragari aitortza xume bat egingo zaie.

Jarraian, Juan Bautista Uriarte kaletik abiatuko da irteera neutralizatua, 13:10ean, eta proba 13:20ak inguruan abiatuko da ofizialki N-634 errepidetik, Plazakoetxe eta Iberluze biribilguneen artean izango den irteeratik.

Hor hasiko da 167 kilometroko ibilbidea, helmugara iritsi aurretik Elorritxueta bezalako igoera gogor eta erabakigarriak izango dituena. Birritan igaroko dira txirrindulariak Elorritxuetatik, zehazki, 15:50ak eta 16:30ak aldera. Lehenengo aldian Juan Bautista Uriarte kaletik igaroko da pelotoia Elexalde zeharkatu eta bertara igo aurretik; bigarrenean, berriz, Bengoetxe auzotik gora joko du.

15:45ak inguruan, txirrindulariak Galdakaoko erdigunetik igaroko dira eta herritarrek lasterketaren emozioa gertutik bizitzeko aukera izango dute. Jardunaldia 17:20ak aldera amaituko da Elexalde auzoan.

Udalak txirrindulariak animatzera gonbidatzen ditu galdakoztarrak, «ikuskizunaz gozatzera eta Galdakao txirrindularitza nazioarteko mapan jarriko duen egunean parte hartzera».

situs togel

situs toto