Zuzeneko musika duen dantza-ikuskizuna eskaintzen du Eva Guerrero konpainiak Hasta el último baile obran. Domekan, apirilak 12, Galdakaon aurkeztuko du, Torrezabal Kultur Etxean.
Kultura, kirol eta gizarte eskaintzak biltzen dituen agenda bateratua abiatu du Galdakaoko Udalak apirila eta maiatzerako. Agenda horren helburua «informazioa herritarrentzako modu erraz batean eskuragarri jartzea» da.
Horren baitan, Eva Guerrero konpainiak Hasta el último baile obra eskainiko du domekan, apirilak 12, Torrezabal Kultur Etxean.
Hasta el último baile zuzeneko musika duen dantza-ikuskizuna da, denboraren joanaz, gorputzaren eraldaketaz, absentziez eta oroitzapenez aritzen dena.
«Fikziozko autobiografia da, hainbat galdera erantzuten saiatzen dena: Nola gordetzen dira oroitzapenak gorputzean? Zer forma ematen didate jada ez dauden pertsonek? Nola aldatzen da nire gorputza denboraren poderioz? Zer duzu nigan?».
Saioa 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragai daude Torrezabaleko lehiatilan eta ohiko webgunean.




