Txomin Egileorreko errepideak noranzko bakarra izango du bihartik aurrera

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Amaitzear daude Txomin Egileor kalea berrantolatzeko lanak, eta bihartik aurrera errepideak noranzko bakarra izango du. Zehazki, Plazakoetxeko biribilgunetik Zugutzura doan tartean zirkulazioa noranzko bakarrean ezarriko da, Basaurirantz.

Txomin Egileor kaleko berrantolaketa lanak amaitzear daude, eta bihartik aurrera errepideak bere behin betiko konfigurazioa izango du. Zehazki, Plazakoetxeko biribilgunetik Zugutzura doan tartean zirkulazioa noranzko bakarrean ezarriko da, Basaurirantz.

Horrela, bihar, obrek iraun duten bitartean jarritako behin behineko semaforoak kenduko dira, eta erabiltzaileek seinaleztapen berriak jarraitu beharko dituzte. Seinaleztapenak eremu horretatik Galdakaorantz ibilgailuz joatea debekatuko du.

Beraz, Galdakaoko hirigunera ibilgailuetan sartzeko, Txomin Egileorreko bizilagunek BI-625 errepidera jo beharko dute Basaurirako noranzkoan, eta handik N-634 errepidera sartu Galdakaoko noranzkoan, Iru-Bideko biribilgunea hartuz.

Galdabusak ere ibilbide hori egin beharko du eta bere ibilbidea pixka bat luzatuko da, baina ez da geralekurik kendu behar izango.  Bestalde, eremutik igarotzen diren BizkaiBuseko zerbitzuen Zugutzuko geltokia metro batzuk Basaurirantz lekuz aldatuko da, Obramateko biribilgunera hain zuzen.

Egoera hori behin behinekoa izango da, Zugutzu N-634 errepidearekin zuzenean lotuko duen zubiaren lanak amaitu arte alegia. Azpiegitura horren errail bat datorren barikuan irekiko da, N-634 errepiderantz doazen ibilgailuentzat soilik.

Beraz, auzoko bizilagunek hiri erdigunera iristeko Basaurirako desbideratze hau hiru egunez bakarrik egin beharko dute, konexio berria martxan jarri arte. Une horretatik aurrera, «ibilbide zuzenagoak berreskuratuko dira, eta erdigunerako irisgarritasuna nabarmen hobetuko da».

«Jarduketa honen amaierak urrats garrantzitsua dakar Txomin Egileor kaleko segurtasuna, irisgarritasuna eta jasangarritasuna hobetzeko bidean. Ingurunean egindako hobekuntzek mugikortasun eredu eraginkorrago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko dute, baita auzoko bizilagunentzako eremu atseginagoa sortzea ere», azaldu dute Udaletik.

situs togel

situs toto