Urreta kiroldegiak Galdakaoko Igeriketa Trofeoa hartuko du asteburuan, eta kategoria ezberdinetako ehunka igerilari batuko ditu hitzorduak. Txapelketaren ondorioz, igerileku handia zein txikia itxita egongo dira erabiltzaileentzat.
Hainbat kategoriatako ehunka igerilari batuko dira bihar eta etzi Galdakaoko Urreta kiroldegian, Galdakaoko Igeriketa Trofeoa lehiatzeko.
Txapelketa dela eta, Urretako kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira erabiltzaileentzat asteburuan, lehiaketak igerileku handia zein txikia hartuko baititu.
Zapatuko jardunaldia 10:00etan hasiko da, gaztetxoei zuzendutako eskola trofeoarekin; zehazki, benjamin mailakoak (2015 eta 2017 urteen artean jaiotakoak) eta alebin mailakoak (2013 eta 2014). Lehiaketa honetan, proba bakoitzean urte eta sexu bakoitzeko hiru denborarik onenak lortzen dituzten igerilariek eskuratuko dituzte sariak.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, master lehiaketaren txanda izango da, eta lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatutako klubek jasoko dute saria.
Domekan, azkenik, federatuen trofeoa jokatuko da, egun osoan zehar bi saiotan banatuta, eta maila aurreratuagoko kirolarien parte hartzearekin. Kasu honetan, kategoria bakoitzeko —gizonezko eta emakumezko— lehen hiru sailkatuek eskuratuko dute domina.
Udalak herritarren ulermena eskertzen du eta herritarrak animatzen ditu kiroldegira hurbil daitezen asteburu osoan Galdakao igeriketaren topagune bihurtuko duen ekitaldiaz gozatzera.




