Bizkaiko eragile ekonomikoak eta erakundeak biltzen dituen Bizkaia Orekan Sakonduz topaketan parte hartu zuen Galdakaoko Udalak. Bertan, enpresei baliabide publikoetarako sarbidea erraztearen garrantzia nabarmendu zuen Monika Bailon zinegotziak.
Bizkaia Orekan Sakonduzen aurtengo topaketan parte hartu zuen Galdakaoko Udalak. Hitzorduak Bizkaiko eragile ekonomikoak eta erakundeak bildu zituen apirilaren 24an.
Foroa lankidetza gune sendo gisa finkatu da, esperientziak partekatzeko, estrategiak lerrokatzeko eta Bizkaiko enpresa sarearen lehiakortasuna indartzeko bidean aurrera egiteko.
Udalaren ordezkaritzan, Ekonomia Garapen eta Enplegu zinegotzi Monika Bailonek parte hartu zuen, Amaia Gartziandia arloko arduradunarekin batera.
Galdakaok foru politiken eta tokiko enpresen errealitatearen arteko lotura gisa duen eginkizuna nabarmendu zuen Bailonek. Aldi berean, «baliabide publikoak herriko ehun ekonomikoaren behar zehatzetara gerturatzea funtsezkoa dela» azpimarratu zuen.
Herriko enpresen eta administrazioen arteko zubi estrategiko gisa duen rola indartzen jarraitzeko helburuarekin parte hartu zuen Udalak topaketan; izan ere, «tokiko garapen ekonomikoa indartzen duten laguntza, programa eta kanpo baliabideetarako sarbidea errazten die bertoko enpresei».
»Lan hori funtsezkoa da Bilbo Handiaren barruan pisu esanguratsua eta ekoizpen ehun dibertsifikatua duen Galdakao bezalako herri baten jarduera ekonomikoa bultzatzeko, bereziki egun dauden erronka garrantzitsuen testuinguruan: biztanleriaren zahartzea, talentua zein dinamizazio ekonomikoa indartzea eta enpresak digitalizatzeko beharra», adierazi du Udalak.
Aurtengo edizioak izaera berezia izan du, Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren hamargarren urteurrena ospatu baita, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek bultzatuta.
Urteurrena oroitzeko harira, bertaratutakoek opari sinboliko txiki bat jaso zuten, lurraldeko erakundeen eta eragile ekonomikoen arteko hamar urteko lankidetzaren aintzatespen gisa.




