Galdakaoko EAJk Zugutzu eta Txomin Egileorreko obren kudeaketa «kaotikoa» izan dela salatu du

Argazkia: Galdakaoko EAJ-PNV.

Zugutzu eta Txomin Egileorreko obretan Udal Gobernuak egindako kudeaketa «kaotikoa» izan dela salatu du Galdakaoko EAJ-PNVk. Udal Gobernuak aldiz, inguruan egindako hobekuntzek auzokideen egoera hobetu dutela nabarmendu du. Alderdi bakoitzaren argudioak batu ditugu albiste honetan.

Uholdeak ekiditzeko helburuz Ibaizabal ibaia berbideratzeko proiektua jarri zuen martxan 2010ean Uraren Euskal Agentziak, eta lanak amaitu zituen 2023ko amaieran.

Horren ostean, Zugutzu ingurua hobetzeko obrak hasi zituen Galdakaoko Udalak, eta lanak amaitzear daude. Halaber, Txomin Egileor kalea berrantolatu du, eta norabide bakarra du orain Plazakoetxeko biribilgunetik Zugutzura doan tarteak: Basaurirantz.

Galdakaoko EAJ-PNVk Udal Gobernuak —EH Bildu buruan— obra horietan egindako kudeaketa «kaotikoa» izan dela salatu du. «Koordinazio teknikorik ezak eta sarbide berriak (Obramaterako sarbidea) irekitzeko etengabeko atzerapenek kalte larriak ari dira eragiten herritarrei», nabarmendu dute jeltzaleek.

EAJk «zentzugabekeriatzat» jo du, hilabeteetako itxaronaldien eta amaiera-epeen inguruan bete gabeko promesen ondoren, bizilagunek oraindik amaitu gabeko ingurunea eta trafikoaren berrantolaketa nahasia izatea: «Ez gaude obra gauzatzeko arazo baten aurrean, kudeaketa politiko txar baten aurrean baizik. EH Bildu ez da gai izan Zugutzuko zubi berriaren irekiera merkataritzako bideen aldaketekin egokitzeko, ehunka galdakoztarren eguneroko bizitza zailtzen duen inbutua sortuz».

Era berean, jeltzaleek salatu dute Txomin Egileor kaleko noranzko aldaketak azpiegitura berrien arintasuna aurretik bermatu gabe egin direnez, «herritarrek alferrikako itzulinguruak egin behar izan dituztela azpimarratu dute eta udalerriko erdigunera zein bide nagusietara joateko denborak ere luzatu egin direla».

Udal Gobernuaren erantzuna

Udal Gobernuak bere aldetik, EAJk egindako kritikek alderdiaren «ezjakintasuna» erakusten dutela adierazi du. Batetik, «Obramat inguruko obra Udalak gain hartu duelako amaitu gabe eta egoera txarrean zegoen proiektu batetik», eta bestetik, «Zugutzuko zubiaren obra ez delako Galdakaoko udal obra bat, baizik eta Udalak amaitu behar izan duen proiektua».

Txomin Egileorreko norabide aldaketari dagokionez, noranzkoa erabakitzeko arduraduna ez da Galdakaoko Udala izan. «Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi zuen kotxeak errepide nazionaletik ateratzen saiatu behar ginela, eta hori kontuan hartuz erabaki da noranzkoa», azaldu dio Asier Egiraun zinegotziak BINKEri.

«Gainera, nabarmendu behar dugu obra horiek aurrera eramateko EAJ buru duen Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta URA agentziarekin harremana ezinhobea izan dela uneoro», adierazi du Egiraunek.

«Jendeak ulertu du obra horiei esker sortu den egoera berriak onura gehiago ekarri dituela, eragozpenak baino», azpimarratu du zinegotziak, proiektua «arrakastatsua» dela nabarmenduz.

situs togel

situs toto