Musikaren munduko izarren bila ibiliko den ETB1eko Ztanda telebista saioaren edizio berria hasiko da bihar. Guztira 12 gaztek lehiatuko dute, eta epaimahaia lau profesionalek osatuko dute, tartean Aketza Lopez galdakoztarrak.
Aurreko edizioetako arrakasta errepikatzeko helburuz, Ztanda telebista saioaren hirugarren edizioa bihar, maiatzak 8, hasiko da 21:00etan ETB1en.
Musikaren munduko izarrak bilatuko ditu saioak, eta guztira 12 gaztek lehiatuko dute barikuro eskainiko den programan.
Lau profesional izango dira gazteak epaitzeko arduradunak, tartean Aketza Lopez artista —argazkian eskuinean—. Aktore eta aurkezle galdakaoztarra Goenkale ETB1eko telesailean egin zen ezaguna, eta ordutik hainbat telesailetan eta filmetan egin du lan, tartean Madrilen, Londresen edo Hollywooden.
Harekin batera Ylenia Bagliettok, Jon Fernandezek eta Sua Enparantzak osatuko dute epaimahaia. Saioaren aurkezleak aldiz, Barbara Goenaga eta Iker Villa izango dira.




