Gaur egun kanpoko enpresa batek kudeatzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua zuzenean kudeatzeko bidean aurrera jarraitzen du Galdakaoko Udalak. Prozesuaren baitan, herritarren iritzia ezagutzeko kontsulta publikoa jarri du martxan.
Galdakaoko Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartzea erabaki zuen 2024an, eta prozesu hori aurrera eramateko asmoz, zerbitzu honen kontratua urtebetez soilik luzatzea adostu zuen iaz udalbatzak, ekaineko osoko bilkuran.
«Aldaketa horrek zaintzarako zerbitzu horren kudeaketa hurbilagokoa izatea ekarriko du eta erabiltzaileen benetako beharretara egokitzeko gaitasun handiagoa», adierazi dute Udaletik.
Bide hori jarraituz, zerbitzua munizipalizatzeko prozesuaren baitan, Udalak aurretiazko kontsulta publikoa ireki du, herritarren, erabiltzaileen eta inplikatutako kolektiboen iritzia jasotzeko helburuarekin. Iradokizun guztiak bildu ondoren, zerbitzua arautzen duen araudia aldatzeari ekingo dio, jasotako ekarpenak kontuan hartuta.
Herritarrek euren proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 11ra bitarte dago zabalik, eta ekarpenak Udalaren webgunearen bidez egin beharko dira.
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua funtsezko baliabidea da mendekotasun edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsona askorentzat; izan ere, eguneroko zereginetan eta zaintza pertsonalean laguntzen die, eta babesa ere ematen die.
Ildo horretan, araudia eguneratzearen helburua «pertsona horien egunerokoan zuzenean eragiten duten alderdiak hobetzea da». Halaber, «zerbitzua errealitate berriei erantzuteko eta isolamendu egoerak prebenitzeko tresna gisa duen rola indartzea da asmoa».




