Usansoloko Dendari Sareak erakusleihoen lehiaketa jarri du martxan lehen aldiz, eta guztira 20 komertziok parte hartu dute. Gaia «geltokia erdigunean» da, eta erakusleihorik onena herritarrek bozkatuko dute.
Urte amaieran jarri zen martxan Usansoloko Dendari Sarea, Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren laguntzarekin. Elkartearen helburua, «hurbileko merkataritza-eredu iraunkorra eta etorkizunekoa eraikitzeko indarrak batzea da», Diego Dominguez presidenteak BINKEri azaldu zion moduan.
Bide horretan, Usansoloko Dendari Sareak erakusleihoen lehiaketa jarri du martxan lehen aldiz herrian. Gaia «geltokia erdigunean» da, eta guztira 20 komertziok hartu dute parte, elkartearen %45.
«Egia esan, oso esperientzia ona izan da, saltokiak prestatzen, galdetzen…», aitortu dio Dominguezek BINKEri.
Herritarrak izango dira lehiaketako irabazlea aukeratzeko arduradunak eta, eta bariku eta zapatuan herrian zehar jarriko diren postontzien bitartez bozkatu ahal izango dute.
Irabazlea domekan iragarriko da, zuzenean 12:30ean Arlo Baltza plazan egingo den zenbaketan, eta garaileak herriko dendetan erosteko 400 euro jasoko ditu.











