‘Sortzaileak Basora’, galdakoztarrek euren proposamen artistikoak aurkezteko ekimen berria

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Galdakaoko artistei zuzendutako Sortzaileak Basora egitasmo kultural berria jarri du martxan Udalak, eta maiatzaren 18ra bitarte bidali daitezke proposamenak. Ekimenak musika, literatura, bertso eta bakarrizketa saioak eskainiko ditu, besteak beste, Elexaldeko igerilekuetako tabernan.

Galdakaoko Udalak ekimen kultural berria jarri du martxan: Sortzaileak Basora. Egitasmoaren helburua «sortzaile galdakoztarrei beren lanak erakusteko eta herritarrekin partekatzeko agertokia eskaintzea da, formatu gertuko eta parte hartzailean».

Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 18ra arte eman ahal izango dute kultura@galdakao.eus helbide elektronikora mezua bidaliz. Eskaerarekin batera honako datuak adierazi beharko dira: taldearen edo sortzailearen izena, jarduera artistikoa, emanaldiaren hizkuntza, partaideen generoa, dataren lehentasuna eta harremanetarako datuak. 

Parte-hartzaileen sormen lana, inplikazioa eta kultur ekarpena balioan jartzeko, sortzaileek ordainsaria jasoko dute: pertsona bakoitzeko 150 euro eta taldeka gehienez 600 euro.

Emanaldiei dagokienez, horiek Elexaldeko igerilekuetan dagoen Basoa Tabernan izango dira, maiatza eta ekaineko eguenetan, 19:30ean. Aurreikusitako datak maiatzaren 28a eta ekainaren 4a, 11 eta 18a dira, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. 

Halaber, urrian ere programazioa antolatzea aurreikusten da, 1, 8, 15, 22 eta 29 egunetan. Aldi horretako izen-emate epea abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik.

Jardunaldi bakoitzean bi proposamen artistiko izango dira, diziplina desberdinetakoak, hala nola musika, literatura, bertsolaritza eta bakarrizketak.

Hautaketa egiteko, hizkuntza eta generoaren arteko oreka irizpideak hartuko dira kontuan, baita parte-hartzaileen jatorria ere: Galdakaoko Artisten katalogoan dauden pertsonei lehentasuna emango zaie, ondoren katalogoan egon ez arren herrikoak diren sortzaileei, eta azkenik, gainerako interesdunei.

Ekimen honen bidez, Galdakaoko Udalak «kultur sorkuntzaren aldeko apustua indartu eta artistentzat aukera berriak sortzea du helburu. beren lana herritarrei irekita dagoen espazioan erakusteko aukera eskainiz».

situs togel

situs toto