Galdakaoko Udalak euskararen erabilera aztertu eta indartzeko helburua duen bigarren topaketa antolatu du biharko, maiatzak 16. Hitzorduan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko presidenteak parte hartuko du, besteak beste, eta euskararen pizkunde beharraz arituko da.
Euskararen alde lan egiten duten tokiko eragileekin elkarlanean, herrian egiten den euskararen erabilera aztertu eta indartzeko helburuarekin bi topaketa antolatu ditu Galdakaoko Udalak.
Lehenengoa apirilean izan zen eta bigarrena bihar, maiatzak 16, izango da, Torrezabal Kultur Etxean 10:30ean.
Hitzorduan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko presidentea euskararen pizkunde beharraz arituko da. Euskara biziberritzeko hizkuntza politiketan aldaketa sakon bat sustatzearen garrantzia azpimarratuko du, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarritu behar dena.
Ostean, herriko euskaldunak ahalduntzeko eta euskal komunitatea saretzeko ahaleginaz arituko dira, laburrean, Galdakaoko elkarte eta erakunde ezberdinetako zenbait partaide.
Besteak beste, Berbalagun ekimenak, Adiskide Pilota Elkartea eta CD Galdakao taldeek, Argizai elkarteak, AEK-k, Andra Mari Dantza Taldeak, Ganguren Mendi Taldeak, Patakonek eta Julio Sotok hartuko dute parte topaketan.




