Galdakaoko Udalak hondakin organikoen bilketarako edukiontzi zaharrak berritu egingo ditu, eta beste 50 ontzi jarriko ditu leku berrietan. Besteak beste Elexalden, Olabarrin, Gumuzion, Kortederran, Bekean eta Txistulandan jarriko dituzte edukiontzi berriak.
Hondakin organikoko edukiontzi berriak herri osoko hainbat puntutan berritu eta instalatzeko prozesua hasi du Galdakaoko Udalak. Jarduketak dagoeneko dauden edukiontzien ordezkapena eta orain arte zerbitzu hori ez zuten eta bilketa pneumatikorik ez duten eremuetan unitate berriak ezartzea barne hartzen du.
Jarduera honi esker, 50 ontzi berri inguru jarriko dira herri osoko hainbat puntuan; beraz, zerbitzua nabarmen handituko da, egungo hornidura hirukoiztuz. Gainera, erabilera erraztuko dute gailu berriek, estalkia arinagoa izanik zabaltzea erosoagoa izango baita. Edukiontzi berri guztiak ekainerako jarrita egotea aurreikusten da.
Kokapen berri ugari orain arte zerbitzu hori izan ez duten auzo eta eremuetan egongo dira, besteak beste Elexalden, Olabarrin, Gumuzion, Kortederran, Bekean eta Txistulandan.
Edukiontzi berrien ezarpena errazte aldera, zenbait gunetan egokitzapen lan txikiak egin beharko dira eta, puntualki, inguruko aparkaleku plazaren bat okupatu ahal izango da. Lanak egingo dituen enpresak aldez aurretik seinaleztatuko ditu eragin horiek, hesi edo seinale berezien bidez.
Organikoaren bilketa zerbitzua eten ez dadin, edukiontzi berriak behin behinean irekita jarriko dira. Izan ere, gailu horiek txartel identifikatzaile bidez funtzionatzeko prestatuta daude eta sistema hori aurrerago gaituko da, zerbitzuaren ezarpen eta egokitzapen prozesua osatzen denean.
Hondakin organikoentzako edukiontzi berriak jartzearekin batera, Udalak asteak daramatza papera eta kartoia batzeko ontziak eta errefusari dagozkionak berritzen. Bi mota horietako edukiontzi asko dagoeneko euren kokalekuetan daude herrigunean. Industria poligonoei dagokienez, toki bakoitzaren berezitasunen arabera egingo da edukiontzi berrien instalazioa.
Galdakaoko Udalak herritarren laguntza eskatu du, batez ere bilketa organikorako edukiontzi berrien ezarpena modu egokian garatzeko. Txartel sistemaren funtzionamenduaren eta martxan jartzeko egutegiaren inguruko informazioa datozen asteetan jakinaraziko die herritarrei.




