Galdakaoko Udalak 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako udalekuak eskainiko ditu udan, eta horietan izena emateko epea ireki du. Maiatzaren 24ra bitarte egin daiteke.
Ekaina eta uztailean zehar 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako udalekuak eskainiko ditu Galdakaoko Udalak.
Horietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 24ra bitarte. Eskaera Udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre egin daiteke, herritarrei arreta emateko ESAN bulegoan.
Udalekuak Aperribai, Indarra eta Plazakoetxeko Topaguneetan izango dira, eta guztira 90 plaza eskainiko dira, 30 horietako bakoitzean. Galdakaoko gazteek programan parte hartzeko lehentasuna izango dute, baina plazak libre geratuz gero, beste herri batzuetako gazteak ere onartuak izan daitezke.
Jarduerak astelehenetik barikura egingo dira (jaiegunetan izan ezik), 10:30etik 13:30era, Galdakaon; irteerak dauden egunetan 16:30era arte luzatuko da ordutegia. Hiru txanda antolatu dira:
- 1. txanda: ekainaren 24tik uztailaren 3ra (8 egun)
- 2. txanda: uztailaren 6tik 10era (5 egun)
- 3. txanda: uztailaren 13tik 22ra (8 egun)
Programan parte hartzeko prezio arrunta 45 eurokoa izango da lehenengo eta hirugarren txandetarako, eta 30 eurokoa bigarrenerako.
Era berean, hobariak eskatzeko aukera aurreikusten da, eta horien esleipena bizikidetza unitatearen egoera ekonomikoaren arabera zehaztuko da. Horretarako, besteak beste, honako alderdiak hartuko dira kontuan: errenta maila, banku kontuetako saldoak, finantza aktiboak, laguntzak eta jabetzak. Eskabidea udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo ESAN herritarren arretarako bulegoan aurkeztu beharko da, izen emate epea amaitu baino lehen.




