Berrantolaketa egin dute Txomin Egileor kalearen inguruan eta horren ondorioz Bizkaibusek Galdakaotik Zugutzura sartzeko egiten duen ibilbidea egokitu du. Besteak beste, tren geltokiko geralekua mugitu du.
Txomin Egileor kalearen berrantolaketak mugikortasunaren konfigurazio berria eragin du eremu horretan: Plazakoetxeko biribilgunea eta Zugutzu artean noranzko bakarreko zirkulazioa ezarri da, Basaurirantz, eta ingurua N-634 errepidearekin zuzenean lotzen duen zubi berria jarri da.
Jarduketa horiei esker, «inguru hori lasaitu egin da, hirigunearekiko konexioa hobetu da eta trafiko fluxua berrantolatu da», Udalak azaldu duenez.
Errepide antolaketa berriaren ondorioz, hemendik aurrera, A3631 eta A3641 autobus lineek ibilbidea aldatuko dute itzulerako noranzkoan. Horrela, Plazakoetxeko biribilgunearen eta Zuhatzuko geltokiaren artean, zerbitzua N-634 errepidetik igaroko da bi noranzkoetan eta zubi berritik lotuko dira errepide nagusia eta Zugutzu.
Horrenbestez, Instalaciones Intxausti enpresaren alboan geraleku berri bat jarriko da. Horrek tren geltokiaren aurreko geralekua ordezkatuko du; hemendik aurrera 130 metro inguru mugituko da Bizkaibusen geralekua, Basaurirako noranzkoan.
Galdabusaren 2. lineak, aldiz, egun egiten duen ibilbidea eta tren geltokiko geralekua mantenduko ditu.
Bizkaibusen doikuntza hori eremuko errepide antolaketa berriari egokitutako garraio publikoaren behin betiko egokitzapenaren parte da.




