Galdakaoko Udala eta Gu Dendari elkartea Berriro merkataritzaren fidelizazio sare digitalera batu dira. Plataformak bezeroei diruzorro digitalak, puntu metaketak eta eskaintza pertsonalizatuak jasotzeko aukera ematen die.
Bizkaidendak, Euskaldendak eta Eusko Jaurlaritzak Berriro merkataritzaren fidelizazio sare digitala jarri dute martxan.
Plataformak atxikitako establezimenduetako bezeroei diruzorro digitalak, puntu metaketak eta eskaintza pertsonalizatuak jasotzeko aukera ematen die, herri desberdinetako merkatarien arteko sare interkonektatua sortuz.
Ekimena maiatzaren 20an aurkeztu zen Arratia-Nerbioi eskualdean, eta bertan jakinarazi zuten Galdakaoko Udala eta Gu Dendari elkartea sarera batu direla. Zehazki, herriko hamar establezimendu inguru dagoeneko plataformara batu dira.
Proiektuaren aurkezpen jardunaldian parte hartu zuen Galdakaoko Udalak, Iñigo Arriandiaga alkatea eta Monika Bailon Ekonomia Sustapeneko zinegotziaren ordezkaritzarekin. Halaber, Leire Loroño Gu Dendari Galdakaoko merkatarien elkarteko lehendakaria ere bertaratu zen, herriko merkataritza sarearen eta elkarteari lotutako establezimenduen ordezkari gisa.
Eusko Jaurlaritzako, Bizkaidendako eta inguruko hainbat herrietako alkateak ere izan dira aurkezpenean.
Basaurin izandako aurkezpenean, proiektuaren lankidetzazko izaera nabarmendu zuen Arriandiagak, baita kontsumo ohituren aldaketaren aurrean tokiko merkataritza modernizatzeko duen eginkizuna ere.
Alkateak azpimarratu zuenez, «elkarlana funtsezkoa da, udalek bakarrik ezin baitugu herritar guztiengana iritsi». Tokiko merkataritza sarearen lana txalotu zuen horrela.
Era berean, «bertoko establezimenduek plataforma handiekin lehiatzeko duten erronka» aipatu du, eta horien hurbiltasuna balioan jarri du, tartean euskararen erabilera, «jende askok bereziki estimatzen baititu».




