Galdakaoko Urreta eskolako patioaren etorkizuneko diseinua modu partekatuan definitzeko helburuz, prozesu parte-hartzailea abiatu dute. Horren baitan, proposamenak batzeko saioa antolatuko dute ekainaren 3an.
Urreta eskolako patioak egitura zurruna eta homogeneoa du, kirol lehiakorrean oinarritutako eskola aisialdiko ereduei dagokiona. Konfigurazio honek «ez du esku hartzerik izan urte luzeetan, eta horrek espazioaren erabilera baldintzatzen du eta ez die ikasleen egungo hezkuntza eta giza behar guztiei erantzuten».
Hori dela eta, Galdakaoko Udalak, Urreta Eskolako hezkuntza komunitatearekin eta guraso elkartearekin elkarlanean, parte hartze prozesu bat martxan jarri du, ikastetxeko patioa eraldatzeko proiektua definitzeko helburuarekin.
Orduz geroztik, hainbat jarduera egin dira prozesuaren baitan. Batetik, ikasleekin egindako jarduerek eta elkarrizketek, patioaren erabilerari buruzko ikuspegi eta esperientzia desberdinak jasotzeko aukera eman dute.
Bestetik, irakasleekin egindako taldeko elkarrizketen bidez, eskolaren testuingurua eta kanpo espazioen antolaketari buruzko ekarpenak bildu dira. Horrez gain, familiei egindako galdetegiak patioaren erabilerari eta hobekuntza beharrizanei buruzko iritziak ezagutzea ahalbidetu du.
Bildutako informazio guztiarekin, patioaren eraldaketarako lehen zirriborro bat prestatu da. Beraz, hurrengo urratsa hezkuntza komunitate eta auzo osoarekin dokumentu hori partekatzea izango da, guztion artean eztabaidatu, ekarpenak jaso eta behin betiko diseinua elkarrekin definitzeko.
Tailer ireki hori ekainaren 3an izango da, Urreta ikastetxeko areto nagusian, 16:15etik 18:15era. Hitzordua auzotarroi, elkarteei, kirol klubei eta, oro har, patioaren etorkizunean ekarpena egin nahi duen edonori irekita egongo da.
Saioa modu egokian antolatzeko, komenigarria da aurretik izena ematea, Udalaren parte hartze plataformaren bidez.
Prozesua abiatu zenetik, 260 ikasle ingururekin egin dira tailerrak eta elkarrizketak, 17 irakaslerekin talde lanak eta 105 erantzun jaso dira familiei helarazitako galdetegiaren bidez.
«Ekintza horiek agerian uzten dute hezkuntza komunitatearen eta familien inplikazio zabala eta patioaren etorkizunari buruzko hausnarketa partekaturako dagoen interesa», adierazi du Udalak.




