Hezkuntza eta Euskara arloak ikastetxeetara bideratutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak aldatzea onartu du Galdakaoko udalbatzak. Besteak beste, Haur Hezkuntzako lehen zikloan ere dirulaguntzak eskaintzea adostu zuten alderdiek.
Ikastetxeen eta guraso elkarteen eskaerei erantzutzeko helburuz, Hezkuntza eta Euskara arloak ikastetxeetara bideratutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak aldatzea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, pasa den astean egindako osoko bilkuran.
EH Bildu, EAJ-PNV, UH eta Auzoak taldeen aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzio batekin hartu zen erabakia, eta honakoak dira aldaketa nagusiak:
- Haur Hezkuntzako lehen zikloa ere sartuko da dirulaguntzen banaketan, hemendik aurrera.
- Kontzeptu gastronomikoen gastuei muga jarri zaie, eta ondorioz, diruz lagundutako proiektuetako bakoitzean gastu gastronomikoak ezingo du kostuaren %10 gainditu.
- Azpikontratazioei ezarritako muga kentzea hobetsi da zenbait proiektu garatu ezinik geratuko liratekeelako bestela.
- Lehentasunezko proiektuek dirulaguntza handiagoa jasotzeko aukera izan dezaten, A eta B lerroetan proiektu bera jartzea ahalbidetuko da hemendik aurrera. Orain arte lerro bakarrean eskatu zitekeen laguntza.
- Irizpideak argiago egon daitezen eta prozedurak azkartu daitezen, Eusko Jaurlaritzak aldiro argitaratzen dituen zenbait datu ofizial ikastetxeak berak aurkeztu beharko ditu aurrerantzean.
- Diruz lagundu ezin diren gastuak zehazten diren atalean argibideak eta adibideak gehitu dira, gaizki ulertuak saiheste aldera.
Galdakaoko Udalaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren arteko kudeaketa gomendioa onartu zuen ere Galdakaoko udalbatzak, Udaltzaingoko 5 lanpostu betetzeko hautaketa prozesurako. Aho batez hartu zen erabakia.




