Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari Elkarteak herriko kirol zentroetan eta gimnasioetan erabili ahal izango diren 7.400 deskontu bonu jarriko dituzte salgai bihartik, ekainak 22, aurrera. Bonuek 20 euroko balioa izango dute eta 10 euroren truke eskuratu ahal izango dira.
Herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzeko helburuz, Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak Bono Kirola kanpaina jarriko dute martxan aurten ere.
Herriko kirol zentroetan eta gimnasioetan erabili ahal izango diren 7.400 deskontu bonu jarriko dira salgai kanpainaren baitan. Bonuek 20 euroko balioa izango dute eta herritarrek 10 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte.
Udalak eta Gu Dendari elkarteak hala adostuta, guztira 80.000 euro bideratuko dira kanpainara aurtengo edizioan, eta, laguntza herritar gehiagorengana iris dadin, bonuen banaketa sistema egokitzea erabaki du Gu Dendari elkarteak.
Aurreko urteetan bonuak oso azkar agortzen ziren eta erabiltzaile asko kanpoan geratzen ziren. Beraz, pertsona bakoitzak eskuratu ahal izango duen gehieneko bonu kopurua murriztu da: pertsona bakoitzak gehienez lau bonu erosi ahal izango ditu. Erabiltzaile bakoitzak bere bonuak bakarrik erabili ahal izango ditu eta ezingo da bonu bat baino gehiago metatu ordainketa berean.
Horri esker, aurten 1.850 pertsonak izango dute kanpainaz baliatzeko aukera. Iaz 833 izan ziren.
Bonuak Internet bidez eskuratu ahal izango dira, aldez aurretik erregistroa eginda, eta salmenta hiru txandatan egingo da: lehenengo 3.000 bonuak bihar jarriko dira eskuragarri, 09:00etatik 14:00etara; beste 3.000 bonu etzi banatuko dira ordutegi berean; eta gainerako 1.400 bonuak eguaztenean 20:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira, agortu arte.
65 urtetik gorako pertsonek bonuak aurrez aurre erosteko aukera ere izango dute Gu Dendari elkartearen bulegoan ekainaren 22an eta 23an, 09:00etatik 14:00etara. Kasu guztietan, ordainketa kreditu txartelaren bidez egin beharko da.




