Txomin Egileor eta Zugutzuko ingurua eraldatu dituzte, aisialdirako gune berria sortuz

Amaitu dira dagoeneko Txomin Egileor eta Zugutzuko ingurua eraldatzeko lanak. Esku-hartzeei esker, mugikortasunaren antolaketa eta segurtasuna hobetu dira, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio gehiago sortu dira. Hemen batu ditugu Udalak egindako esku-hartzeen xehetasunak.

«Ingurune seguruagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa» egin nahi izan du Galdakaoko Udalak Txomin Egileor kalean eta Zugutzun, eta horretarako hainbat esku-hartze egin ditu azken hilabeteetan.

Etorkizunera begira egindako plan integral baten barruan egin ditu eraldaketak. «Urrats garrantzitsua dira Txomin Egileor eta Zugutzuko ingurunea modernizatzeko, hiri erdigunearekiko lotura indartzeko eta auzokideen bizi kalitatea hobetzeko», adierazi zuen Iñigo Arriandiaga alkateak ingurunea ezagutzera emateko pasa den astean egindako ibilbidean.

Zugutzuko pasabidean hasi zen bisita, eta bertan alkateak azaldu zuenez, hor egin da azken urtekotako esku-hartzerik garrantzitsuenetakoa: Ibaizabal ibaiaren berbideratzea, uholdeak saihesteko. «Horrekin batera, ibai ertzeko ingurunea lasaitu da, inguruko egoitzetan bizi diren nagusientzako eta herritarrentzako gune erosoago bat sortuz», azpimarratu zuen Arriandiagak.

Zati horretan Hermano Viktor kalean egindako hobekuntzak azpimarratu zituen Asier Egiraun Hirigintza eta Obretako zinegotziak: «Espazioa oinezkoentzako berreskuratu da, eta ildo horretan argiteria berritu da eta berdegune gehiago sortu dira».

Ibilbidean aurrera eginez, Zugutzu eta N-634 errepidea lotzen dituen zubi berrira oinez heltzeko aukeraren garrantzia nabarmendu zuten udal ordezkariek. Alkateak azaldu zuenez, «eraztun handi bat osatu da, mugikortasunaren antolaketa eraginkorragoa ahalbidetuz, jasangarritasun irizpideek gomendatzen duten bezala».

Txomin Egileor kalera iritsita, Egiraunek kalea lasaitzeko eta ingurunea eraldatzeko egindako lanek «eremuaren itxura eta funtzionamenduan eragin zuzena» izan dutela azaldu zuen, baita bertan bizi diren herritarren egunerokoan ere.

Besteak beste, espaloiak zabaldu dira, argiteria berritu da eta bankuak jarri dira Txomin Egileorren, «erosoagoa eta atseginagoa bihurtuz, eta oinezkoei lehentasuna emanez».

Etorkizunera begira

Txomin Egileorren egindako bidegorria ere aipatu zuen Egiraunek, «mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan egindako pauso garrantzitsua». Bizikletak alokatzeko Bizkaibizi zerbitzua ezartzea aurreikusita dagoela jakinarazi zuen, eta futbol zelaian kokatuko dela herrian jarriko diren 5-6 puntuetako bat.

Era berean, Txomin Egileorreko bidegorria N-634ko bizipistarekin konektatzeko proiektua ere martxan dagoela adierazi zuen.

Azkenik, etorkizunera begira bi esku-hartze aipatu zituzten udal ordezkariek. Batetik, Metroa Galdakaora heltzearekin batera Zugutzuko tren geltokia eraistea dela asmoa, eta eremu hori erabilera anitzeko gune berri bihurtzea nahiko luketela, «herritarren beharrizan berrietara egokituta».

Bestalde, Maximo Moreno plaza berreskuratzearen garrantzia azpimarratu zuten. Hori izango da hurrengo pausoa: «Parkea berriz ere herritarren topagune bihurtzea, hiri altzariak berrituz, haurrentzako espazioak jarriz eta gune atseginagoa sortuz».

situs togel

situs toto