Isabel Octavio, ETBko zuzendaria
BINKE / 2026ko ekaina
«Euskara Internet eta mundura zabaltzeko erabaki zen ETB3 eta ETB4 kateak birmoldatzea»
· Isabel Octavio Uranga
1974, Iruñea
Iruñeko San Fermin Ikastolan egin zituen oinarrizko ikasketak eta ostean Ikus-Entzunezko Lizentziatura egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Kazetari lanetan ibili zen urte luzetan zehar EITBn, eta ostean Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko komunikazio arduraduna izan zen zortzi urtetan zehar. Gaur egun ETBko zuzendaria da, eta kargu hori duen lehen
emakumea da.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta EITB
Iruindarra da jaiotzez, baina duela 20 urte Elexalden bizi da Isabel Octavio. Kazetaria da lanbidez, eta urte luzez ibili zen EITBn lan egiten. Ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko komunikazio arduraduna izan zen Covidaren urte gogorrenenetan. Gaur egun ETBko zuzendaria da iazko urte amaieratik, eta kargu hori duen lehen emakumea da. Octaviorekin hitz egin dugu EITBko Bilboko egoitzan, ETBren egungo egoeraz eta bere ibilbideaz.
Zein da zuzendaritza etapa berri honetan ETBn bultzatu nahi duzun eraldaketa nagusia? Hiru helburu ditut. Batetik, ETB1eri eta ETB2ri estabilitate bat ematea.Ikusita mundua nola dagoen, gure jendeak jakitea egunero izanen duela bere atseginekoa den eskaintza egonkor bat, aldaketa gutxirekin. Bestetik, zintzotasuna. Uste dut euskaldunek ez gaituztela ikusi nahi batzutan beste telebista batzuetan ikusten diren saioetan bezala. Azkenik, gertutasuna lortu nahi dugu, eta horretarako zuzeneko asko egiten saiatu behar gara, Euskal Herriko txoko ezberdinetan gertatzen ari dena bertatik kontatzen. Gainera, momentu bereziak lortzeko asmoa daukat, kultur eta kirol ekitaldi handiak zuzenean kubritzen, adibidez.
Nola jarrai dezake telebista publiko batek nagusiki plataforma digitaletan edukia kontsumitzen duten belaunaldi gazteenentzat garrantzitsua izaten? Plataformak sortuz. Gure ikuspegia aldatu behar izan dugu azken urteetan, batez ere gazteek ez dutelako telebista kontsumitzen. Bide horretan sortu ditugu Makusi eta Primeran plataformak, edota Guau podcast bilduma. Gazteengana hurbiltzeko bide hori oso presente dugu, eta prozesu horretan ulertu behar dugu audientzia ikuspuntu batetik garrantzitsuena ez direla telebista linealak ematen dituen datuak, baizik eta orokorrean, 360 graduko ikuspuntu batetik ezagutzea produktu guzti horiekin zenbat jenderengana heltzen ari garen.
Zer eginkizun izan behar du euskarak ETBren ikus-entzunezko estrategian datozen urteetan? Euskara aurretik aipatutako helburu nagusien ardatza da. Adibide bat jartzearren, Guau plataforman batzen ditugun euskarazko podcastak Spotifyn ere entzungai daude, eta horrek jende askorengana heltzea ahalbidetzen du. Guk, ez badugu euskarazko edukia sortu eta zabaltzen, nork egingo du? Euskara Interneten bidez mundura zabaltzea da helburua, jakinda agian ez dutela edukia gure plataformetan zuzenean ikusiko.
ETB3 eta 4 ixteak polemika sortu zuen jendartean, eta jarraian ETB ON aurkeztu zenuten. Lotuta daude bi erabakiak? Estrategia digital baten barruan eta euskara internet eta mundura zabaltzeko erabaki zen ETB3 eta ETB4 kateak birmoldatzea. Mundutik ibili gara beste herrialdetan egiten dena aztertzen, eta ikerketa horren ostean hartu ditugu azken erabaki horiek. Gure helburua eskura ditugun euskarriak erabili eta euskara eta gure produktuak zabaltzea izan da beti.
Euskarazko marrazki bizidunen eskaintza batzen duen Makusi plataforma «nahikoa ez dela» salatu du Aldatu Gidoia plataformak, eta Makusi katea behar dela aldarrikatu du. Zelan baloratzen duzu eskakizun hori? Sortutako polemikaren ostean, guk esparru bat ireki genuen Aldatu Gidoia plataformarekin, eta haiekin batu ginen. Bileran marrazki bizidunen eskaintzan ordu bat gehiago gehitzea eskatu ziguten, eta aztertu ostean, baietza eman eta ordu hori gehitu genuen. Horren ostean zuk aipatutako aldarrikapenari buruzko adierazpena argitaratu zuten, aurretik gurekin kontaktuan jarri gabe. Gure aldetik irekita jarraitzen du batzeko eta ideiak elkar trukatzeko bide horrek, horregatik ez dugu ulertzen adierazpena atera baino lehen guregana jo ez izana. Gu prest gaude beti aldarrikapenak entzun eta aztertzera, eta egoki ikusten badugu, noski, ezartzera. Beraz, haiekin hitz egitea gustatuko litzaidake.

Nola baloratzen duzu zerbitzu publikoaren betebeharraren eta audientziengatik lehiatzeko beharraren arteko oreka? Zaila da oreka horri eustea, baina gurean adibide polit bat dugu: Bizi Natura programa berria. Bertan Euskal Herriko biodibertsitatea eta ondare naturala erakusten ditugu, eta bizitza basatia denbora errealean zabaltzen dugu. Uste dugu zerbitzu publikoko edukia dela programa horretan eskaintzen duguna, eta datu oso onak lortzen ari gara aldi berean. Oso harrera ona izan du programak, eta gu oso pozik gaude, apustu handia izan delako. Euskadin eta Espainiar estatu mailan aitzindaria izan den edukia da. Zerbitzu publikoa izateak telebista pribatuek egin ez dezaketen gauzak egiteko aukera ematen du, baina aldi berean garrantzitsua da kudeaketa arduratsu bat egitea. Guztion dirua kudeatzen gabiltza, eta hori ezin dugu ahaztu.
Zure ustez, zer eduki motak behar du bultzada handiagoa gaur egun: informazioak, entretenimenduak, fikzioak…? Informazioa oso garrantzitsua da, eta euskaldunek asko baloratzen dute, gure informatiboetako datuek erakusten duten moduan. Euskal fikzioa ere garrantzitsua da. Azkenaldian ikusi dugu oso artista onak ditugula gurean, eta telebista publikoa euskal sorkuntzak zabaltzeko tresna izan behar da ere. Halaber, entretenimendua telebistaren ardatz bat izan behar da, jende askok telebistara jotzen duelako disfrutatzeko eta lasai egoteko. Beraz, aurretik aipatutako oreka mantentzea da gakoa, ahaztu gabe informazioak eta zintzotasunak duten garrantzia.
Adimen Artifiziala komunikabideak eraldatzen ari da. Nola eragingo dio ETBko edukien ekoizpenari? Adimen Artifiziala hemen dago, eta estrategia digitalarekin egin dugun moduan, ETBn errealitate berrira egokitzen ari gara. Erabiltzen hasi gara, eta eskaintzen dituen abantaila eta aukera guztiak ikertzen ari gara, pixkanaka gurean Adimen Artifiziala integratzeko.
Aipatutako alor guztiak kontuan izanda, zeintzuk dira ETBk aurretik dituen erronka nagusiak? Gure erronka nagusia hauxe da: gure gizarteak kontsumitzen dituen euskarrietan egotea, euskara, gure tradizioak eta gure pentsamoldea matendu daitezen.
Nola irudikatzen duzu ETB hamar urte barru? Zaila da etorkizuna irudikatzea, oso azkar aldatzen delako mundua gaur egun. Argi duguna hauxe da: ETB ez da inoiz atzean geldituko, eta munduarekin batera aldatuko da, errealitate berrietara egokituz.
ETBko zuzendaritzan izan baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko prentsa arduraduna izan zinen. Nolakoa izan zen komunikazio instituzionalean izandako esperientzia hori? Nire bizitza profesionaleko etaparik gogorrena izan zen, duda barik. Zortzi urte eman nituen Osasun Saileko komunikazio arduradun lanetan, eta benetan zaila da osasunari buruzko informazioa nola kudeatu behar den jakitea. Osakidetza gure altxorrik handiena da, osasuna delako gizakion altxorrik handiena. Hori kontuan hartuta, asko aztertu eta landu behar da jendeari informazioa helarazteko modua. Nik gainera pandemia garaia bizi izan nuen Osasun Saileko komunikazio arduradun moduan, eta oso gogorra da egunero hildakoen berri ematea.

Presio handiagoa sentitu zenuen orduan, herritarrei eskaini beharreko informazioa lantzean, edo orain, zuzendaritza kargu batean? Osasun Sailean, duda barik. Esandako moduan, oso aro gogorra izan zen. Asko ikasi nuen, noski, baina asko sufritu ere, presioa handia zelako.
Kazetaritza alde batera utziz, errugbi zale amorratua zarela jakin dugu. Nondik dator zaletasun hori? Nire hiru semeak errugbian aritzen dira eta hortik datorkit zaletasuna. Haien partidak ikustera joaten naiz ahal dudan bakoitzean, eta lehen mailakoak ere. Asko gustatzen zaigu eta familian egin dezakegun plana da.
Duela aste batzuk nazioarteko partida bi hartu zituen Bilbok. Zelako garrantzia du Bilborentzat horrelako txapelketen egoitza izateak? Handia, noski. Horrelako ekitaldiak Bilbo eta gure kultura ezagutzera emateko aukera paregabea dira. Gainera, errugbiko txapelketetan zehazki oso giro osasuntsua bizi ohi da, eta Bilboko kaleetan hori antzeman zen azken partidetan.
Kantuan ere sarri ibiltzen zara Iruñean, zure sorterrian. Zein talderekin? San Fermin Abesbatzan kantatzen dut, eta oso gustora. Orain dela 50 urte sortu zen eta gaur egun 15 emakume gara, oso giro onean eta disfrutatzen aritzen garenak.
Iruñekoa izan arren, Galdakaon bizi zara, Elexalden. Nola hartu zintuen auzoak? Duela hogei urte inguru bizi naiz Elexalden, eta oso eroso sentitzen naiz hasieratik. Asko gustatzen zait ingurua, lasaia eta eremu berdez beterikoa delako. Eta noski, jendea oso atsegina delako, jajaja! •





