Alokabidek familiak etxegabetzen ditu, Hego Uribeko Kontseilu Sozialistaren arabera

Argazkia: Jon Gomez Garai

Atzo Galdakaon egin zen etxegabetze saiakeraren ostean, hausnarketa egin du Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak, Etxebizitza Sindikatuarekin batera. Adierazpenean Alokabidek familiak etxegabetzen dituela salatu dute, Eusko Jaurlaritzak hori gertatzen ez dela adierazi arren.

Adinez txikiko bi kide dituen familia bat etxegabetzen saiatu ziren atzo, ekainak 22, Galdakaon, eta dozenaka lagun batu ziren egoera salatzeko. Herritarren presioaren ostean, etxegabetze agindua atzeratu egin zen, eta kaleratzeko agindu berriaren zain geratu da familia.

Etxegabetze saiakeraren ostean, hausnarketa egin du Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak, Etxebizitza Sindikatuarekin batera.

Adierazpenean Alokabide erakunde publikoak familiak etxegabetzen dituela salatu dute, Eusko Jaurlaritzak hori gertatzen ez dela adierazi arren: «Erakundeetatik publikoki adierazi den arren Alokabidek ez duela kaleratzerik egiten, errealitateak kontrakoa erakusten du. Azken asteetan, elkarte publiko honek berak bultzatutako kaleratze-prozedura berriak salatu dira Gasteiz eta Elorrio bezalako herrietan, eta horiei Galdakaoko kasua gehitu zaie orain».

«Litekeena da, kaleratzeen moratoria amaitu ostean, Alokabidek kudeatutako parke publikoko etxegabetzeak biderkatzen ari direla. Erakundeak berak argitaratutako datu ofizialek islatzen dute gorakada hori: azken bi urteetan, kaleratze-demandak bikoiztu baino gehiago egin dira. Kaleratzeak, berriz, %40 baino gehiago igo dira aurreko urtearekiko», nabarmendu dute.

«Etxebizitza Sindikatu Sozialistarentzat eta Hego Uribeko Kontseilu Sozialistarentzat, gertakari hauek agerian uzten dute etxebizitza-parke publikoak ere familia langileen aurka egiten duela ordainketari aurre egin ezin diotenean», azaldu dute.

Familiarekin negoziazioa irekitzeko eskaera

Galdakaon etxegabetze saiakera sufritu duen familia zaurgarritasun ekonomikoan dago eta bi adingabe ditu bere kargura. Alokairu sozialeko etxebizitza honetan bizi da 2015etik, Bizigune programaren bitartez. Pandemiak eragindako krisiaren ondorioz ordea, familia zailtasunak izaten hasi zen hileroko kuotei aurre egiteko, eta zorra metatu zuen.

Familiak Alokabiderekin zor hori kitatzeko ordainketa-plan bat negoziatzea lortu bazuen ere, dituen zailtasun ekonomiko iraunkorrek adostutako baldintzetan betetzea eragotzi zuten.

«Egoera honen aurrean, Alokabidek uko egin dio baldintzak berriro negoziatzeari, eta blokeo-jarrerari eutsi dio, esku hartzeari eta erantzun eraginkor bat emateari uko eginez. Uko egite horri eutsi dio Galdakaoko Udalak eta gizarte-zerbitzuek saiatutako bitartekaritzen aurrean ere», azaldu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak, negoziazioa «berehala» ireki dadila exijituz.

«Kaleratze-prozedura behin betiko geldiarazi behar da, eta etxebizitza-alternatiba iraunkor, egonkor eta kalitatezkoa bermatu behar da», aldarrikatu dute.

situs togel

situs toto