Duela urte asko pribatizatu zen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartuko du Galdakaoko Udalak. Biharko osoko bilkurara eramango ditu memoria eta araudia, eta uztailekoan behin betiko onartzea aurreikusi du. Zein aldaketa jasango ditu zerbitzuak?
Galdakaoko Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartzea erabaki zuen 2024an eta prozesu «luze eta gogor» baten ostean, zerbitzua munipalizatzeko azken pausoak ematen ari da.
Zehazki, biharko osoko bilkurara eramango ditu memoria eta araudia, eta uztailekoan behin betiko onartzea aurreikusi du.
Gaur, ekainak 25, aurkeztu ditu Udal Gobernuak zerbitzua munizipalizatzeak ekarriko dituen onurak. «Duela hilabete asko hartutako erabaki politikoa da gaur aurkezten ari garena. Orain dela urte asko pribatizatu zuten eta berriz publikoa egitea erabaki dugu, kudeaketa zuzena Udal Gobernu honen ardatza izan behar delako», adierazi du Iñigo Arriandiaga alkateak.
Prozesua zaila izan dela aitortu du: «Txikigoak diren eta esku pribatuetan dauden beste zerbitzu batzuk munizipalizatu ahal genituen lehenengo, baina Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua izatea erabaki dugu zaintzaren garrantzia azpimarratzeko. Uste dugu zaintzarekin ez dela negoziorik egin behar».
«Oso egun berezia da Udal Gobernuarentzat. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eskaintzen duten langile guztiak emakumeak dira eta errekonozimendu gabeko lana egiten dute. Horregatik, oso garrantzitsua da euren lana aitortzea eta euren lan baldintzak hobetzea», azaldu du Amets Iturbe Gizarte Ekintzako eta Berdintasuneko zinegotziak, langileek prozesuan zehar izandako pazientzia eta prestutasuna nabarmenduz: «Udalak zerbitzua bere gain hartzeko prozesuan barneratu dituen aldaketa asko haiek proposatutakoak izan dira, haiek direlako eguneroko beharrak ezagutzen dituztenak».
Hain zuzen, langileen baldintzak hobetzeaz gain, munipalizazioak ekarriko dituen onurak azpimarratu ditu Iturbek. Batetik, arreta zuzeneko zerbitzuaren denbora minimoa igoko du Udalak, eta ordubetekoa izango da gutxienez.
Bestetik, dependentzia handiko pertsonentzako gradu gehigarri bat sortuko da, zerbitzua haien beharretara egokitzeko. Orain 1, 2 eta 3 graduak existitzen dira, eta aurrerantzean sortu berri den 3+ gradua ere kontuan izango da.
Intentsitatea ere handituko da, hau da, gradu bakoitzean eskaintzen den zerbitzua eta ordu kopurua handituko dira, Espainiako Gobernuak zehaztutako minimoa gaindituz.
Azkenik, Atseden Zerbitzua —mendeko pertsonak zaintzen dituzten senideei atseden hartzeko denbora emateko diseinatutako baliabidea— handituko da ere. Hemendik aurrera, ez dira bakarrik mendekotasuna duten pertsonarekin bizi diren pertsonak kontuan hartuko, baizik eta zaintza prozesuan parte hartzen duten guztiak, pertsona erabiltzailearekin bizi ala ez. «Horrela, fokua langileengan jartzen dugu, baina baita senideengan ere», azaldu du Iturbek.
Lan baldintza duinak langileentzat
Eguzkiñe Gezuraga Giza Baliabideetako zinegotziak zerbitzuaren munizipalizazioak langileegan izango duen eragina azpimarratu du: «40 lanpostu berri eratuko dira, batzuk egitura administratibokoak eta beste batzuk arreta zuzena eskainiko duten langileenak. Horrela, langileak enpresa pribatu batentzat lan egitetik, Udalarentzat lan egitera igaroko dira».
«Oso gogorra da sektorea, eta gogorra izaten jarraituko du, baina langileek baldintza duinagoak izango dituzte», nabarmendu du zinegotziak, langileei ordezkapenak egiteko lan poltsa bat sortuko dela azalduz. Lan poltsaren xehetasunak —ezaugarriak, irizpideak, izena emateko epea…— aurrerago emango dira.
Etxez Etxeko Zerbitzuaren langileek haien aldetik, «prekarietatean bizi izan direla» nabarmendu dute eta, horregatik, «asko eskertu» dute Udalaren prestutasuna eta jarrera. «Zaintzak etxera bueltatzen dira, Udalera. Gaurtik aurrera, zaintzea guztion lana da», azpimarratu dute.
Hemen Amets Iturberen hitzak prozesuaren inguruan:




