Argazki bakar batetik abiatuta irudi pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen duen Design Your Universe plataforma abiatu du Julen Garcia galdakoztarrak. Proiektua Galdakaon sortu da, «baina ikuspegi orokor batekin».
Julen Garcia galdakoztarrak The Yacht Videographer superyateen nazioarteko industrian espezializatutako ikus-entzunezko produkzio-etxea jarri zuen martxan 2023an filosofia zehatz batekin: Galdakaoko bihotzetik ekitea, baina ikuspegi orokorrarekin.
Orain, proiektu berria abiatu du filosofia berdinarekin: Design Your Universe. Argazki bakar batetik abiatuta irudi pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen duen plataforma da, eta mundu osora bidalketak egin ahal dituenak.
«Proiektua ideia argi batekin sortu da: erakustea ez dela beharrezkoa zure sorlekua uztea zerbait handia eraikitzeko», adierazi du Garciak. «Pertsona askok hiri handietara joan behar dutela sentitzen duten une honetan, Design Your Universe ekimenak beste narratiba bat aldarrikatu nahi du: sustraietatik sortzea erabakitzen dutenena, baina mugarik gabe», aldarrikatu du galdakoztarrak.
Garcia marinela izan zen hainbat urtez, eta horri esker superyateen industrian sartu zen eta The Yacht Videographer sortu zuen. «Nire logelatik erokeria bat bezala hasi zena proiektu sendoa bihurtu da, nazioarteko kolaboratzaileekin, Galdakaoko bulegoekin eta Europako superyateen industriaren barruan ezaguna den ekoiztetxe batekin», azaldu du Garciak.
Design Your Universe proiektuari dagokionez, Maria Joserekin jarri du martxan The Yacht Videographer taldeko kide dena ere. Horrek plataformaren osagai emozionala nabarmendu du: «Niretzat, Design Your Universen gauzarik interesgarriena ideia batetik plataforma guztiz funtzional batera nola igaro den ikustea izan da. Pertsona bakoitzari bere bertsioa sortzeko aukera ematea modu polita da bere nortasunarekin konektatzeko eta digitala esperientzia pertsonalago eta bereziago bihurtzeko».
«Design Your Universe erakusketak objektu pertsonalizatuen unibertsoaren barruan kategoria berri bat ireki nahi du, oparietarako eta bildumazaletasunerako aproposa», adierazi du Garciak.
Funtzionamendua erraza da: erabiltzailea www.designyouruniverse.com webgunean sartzen da, bere argazki bat edo maite duen pertsona batena igotzen du, eta plataformak irudi dibertigarri bat sortzen du, inprimatu eta zuzenean etxera bidaltzen duena.
Informazio gehiago eskuratu daiteke ekimenaren Galdakaoko bulegoetan —Gipuzkoa kalea, 15—, zuzenean idatziz hello@designyouruniverse.com helbidera edo telefono 685773584 deituz.





