Atzo hasi zen Atharratzen Euskarabentura ekimena eta Getxon amaituko da hilaren 31n. Euskal Herriko txoko ezberdinetako 130 gazte parte hartzen ari dira aurten, tartean galdakoztar bi: Leire Villa eta Oinatz Atxutegi. Haiekin hitz egin genuen atzo, abentura hasi baino minutu batzuk lehenago.
Zortzigarrenez, Euskarabentura ekimena antolatu dute aurten. Atzo, uztailak 1, hasi zen Atharratzen eta Getxon amaituko da hilaren 31n, belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin.
Aurten Euskal Herriko txoko ezberdinetako 130 gazte parte hartzen ari dira Donejakue bidearen antzekoa den baina Euskal Herria zeharkatzen duen espedizioan. Parte-hartzaileen artean 16 urteko galdakoztar bi daude: Leire Villa eta Oinatz Atxutegi.
«Nire arrebak iaz parte hartu zuen eta oso ondo hitz egin zidan esperientziaren inguruan. Beraz, nik aurten izena emateko erabakia hartu nuen», adierazi du Atxutegik. «Ni lagunek bultzatuta animatu nintzen», azaldu du Villak.
Euskarabenturan parte harteko ehunka gaztek eman ohi du izena, eta proiektu bat aurkeztu behar dute hautatuak izateko. Atxutegiren kasuan euskal nortasuna zer den azaltzen zuen abesti bat konposatu eta aurkeztu zuen, eta Villak lan musikal bat hartu zuen eta letra aldatu zion.
Biziko dutenaren inguruan galdetzean, biek argi dute zer espero duten: «Asko disfrutatzea eta lagun asko egitea». Gogorrena aldiz, «ibiltzea izango da, etapa batzuk nahiko luzeak izango direlako».
Hala ere, ibilbideaz gozatu nahi dute, eta Atxutegik Nafarroa ezagutzeko «gogo handiak ditut». Villak aldiz, Maule aipatu du leku interesgarri moduan.
Atzo goizean heldu ziren Atharratzera biak, eta hor hasi ziren bidelagun izango dituzten gazteak ezagutzen. «Heldu garenean urduri geunden baina orain oso gogotsu gaude. Abentura hasteko irrikitan gaude», nabarmendu diote galdakoztarrek BINKEri.




