Herriko merkataritza sarea indartu eta etorkizuneko erronketara egokitzeko helburuarekin, Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Prozesua osatzeko, herritarren iritzia zuzenean jasotzeko inkesta abiatu du, uztailaren 30era bitarte.
Galdakakaoko azken merkataritza plana 2016an onartu zen, eta ordutik hona «aldaketa sakon eta azkarrak» gertatu dira, maila globalean zein tokikoan, hainbat esparrutan eragin zuzena izan dutenak.
Eraldaketa horien testuinguruan, gaur egungo errealitateari egokitutako eguneraketa estrategikoaren beharra identifikatu du Udalak, eta bide horretan Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia jarri du martxan.
Hainbat erronka nagusi ditu plan berriak abiapuntutzat: sektorearen zahartzea eta belaunaldi erreleborik eza, kontsumo ohituren aldaketa, eta merkataritza digitalaren hazkundea, esaterako. Horiez gain, herriaren etorkizunerako giltzarri diren beste arlo batzuekin lotura indartzeko beharra ere antzeman du Udalak, hala nola turismoa, kultura eta aisialdia.
«Halaber, bereziki garrantzitsua izango da Metroaren etorrera, Galdakaoko mugikortasuna eta herriaren inguruarekiko loturak eraldatuko dituen proiektua baita. Horrek eragin bikoitza izan dezake merkataritzan: alde batetik, bezero fluxuak erakartzeko aukera berriak sortuko ditu, baina, bestetik, tokiko kontsumoaren zati bat kanpora joateko arriskua ekar dezake, hori saihesteko estrategia egoki eta planifikaturik ez bada lantzen», azaldu du Udalak.
Prozesu parte-hartzailea
Plana herriko askotariko eragilek osatutako prozesu parte hartzaile baten bidez egiten ari da, eta prozesua osatzeko, herritarren iritzia zuzenean jasotzeko telefono bidezko inkesta abiatu da. Online inkesta ere jarri da martxan uztailaren 30era arte, herritarren parte hartzea errazteko eta ikuspegi zabalagoa txertatzeko helburuarekin.
«Herritarrak prozesuan parte hartzera eta inkestak betetzera animatzen ditugu, Galdakaoko merkataritzaren etorkizuna guztion artean elkarlanean eraikitzen jarraitzeko», adierazi du Udalak.




