Galdakaoko saltokiek telefonoak eskuragarri jarri dituzte herriko haur eta gazteentzat

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Haur eta nerabeen artean mugikorren erabilera-adina atzeratzeko helburuz, Galdakaok Altxa Burua sareak bultzatutako Gurea erabil dezakezu kanpainarekin bat egin du. Horren bitartez, herriko saltokiek telefonoak eskuragarri jarri dituzte haur eta gazteentzat.

Gu Dendari elkarteak, Altxa Buruarekin —haurrei lehenengo smartphona ematea atzeratzeko gurasoen mugimendua— eta Galdakaoko Udalarekin lankidetzan, Gurea erabil dezakezu kanpaina abiatu du herrian. Horrela, aurrerantzean ikur hori borobila duten komertzioetan gurasoak deitzeko telefonoa eskatu ahal izango dute herriko gaztetxoek.

Kanpaina 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta dago. «Badakigu Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak euren smartphone propioa erabiltzen hasten direla 11 urte inguru dituztenean, batez beste, eta horren arrazoi nagusietako bat zera dela: gurasoekin komunikatzea, modu autonomoagoan mugitzen eta irteten hasten direnean», nabarmendu du Gu Dendari elkarteak. 

Ekimena zenbait udalerritan jarri da martxan, hala nola Lekeition, Elorrion, Bilboko Alde Zaharrean, Getxon, Tolosan eta abarren, eta esperientzia «positiboa» izan da, arduradunen esanetan. 

Nola parte hartu daiteke? Kalean bertan dauden zerbitzu publikoek eta saltokiek kanpainan parte hartzen badute, telefonoa utziko diete horren beharra duten haurrei edo nerabeei. Saltokiek «gurea erabil dezakezu» leloa duen identifikazio-pegatina jarri behar dute, ikusteko moduko tokian kanpoaldetik erraz aurkitzeko moduan.

Kanpaina hasi da dagoeneko, eta urtebeteko iraupena izango du. Urtea igarotakoan, egoera aztertu eta etorkizunean nola jarraitu erabakiko dute arduradunek, Gu Dendarik ezagutzera eman duenez. 

Izen-ematea ere irekita dago, eta info@gudendari.eus helbidera mezua bidaliz edo Gu Dendariren egoitzan egin daiteke. Elkarteko kide diren establezimenduek bertan jasoko dute pegatina. Bestela, parte-hartzaileek Gu Dendariren egoitzan egin dezakete ordutegi honetan: astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara. 

Saltokiez gain, udal eraikinek ere eskuragarri dituzte telefonoak gazteentzat. Zehazki, hurrengoek eskainiko dute euren telefona erabiltzeko aukera:

  • Ludotekak: Bengoetxe, Berezikoetxe, Aperribai eta Urreta
  • Udaltzaingoa
  • Musika Eskola
  • Torrezabaleko leihatila
  • Elexaldeko eta Urretako kiroldegiak

situs togel

situs toto