Abuztuaren 7an Zubiaurretaurren kalearen inguruan izandako suteak inguruko zenbait aparkaleku komunitarioetarako sarbidea ixtea eragin zuen. Garajeetarako sarbidea berreskuratzeko obrak hasiko dituela jakinarazi du Galdakaoko Udalak.
Sutea piztu zen abuztuaren 7an, 01:00 aldera, Galdakaoko Zubiaurretarren kaleko lokal batean. Gizon bat kea arnasteagatik bertan artatu behar izan zuten osasun langileek, eta ospitalera eraman zuten jarraian, BINKEk jaso zuen moduan.
Suteak inguruko zenbait aparkaleku komunitarioetarako sarbidea ixtea eragin zuen, segurtasun arrazoiak tartean. Juan Sebastian Elkano kalean dauden garajeak izan dira bereziki kaltetuak. Ordutik, Udala sarbidea segurtasun berme guztiekin berrezarri ahal izateko lanean ari da.
Erretako lokalera sartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik Ertzaintzaren segurtasun txostena izatea. Dokumentu hori eskuratu eta eraikinera sartzea posible den bezain laster, Udalak segurtasun baldintzak bermatzeko eta garajeetarako sarbidea berreskuratu ahal izateko beharrezko jarduketak hasiko ditu.
Lan horien artean, lokalaren barruan pilatutako hondakin ugariak kenduko ditu, baita eraikinaren egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren zurkaitz edo finkatze lanak ere. Udalak jarduketa horiek laster egin ahal izango direla aurreikusten du eta, ezustekorik ezean, auzotarrek datozen asteetan garajeetara berriro sartzeko aukera izango dutela.
Udalak lan horiek egiten ari diren bitartean erakutsitako ulermena eta pazientzia eskertzen die kaltetutako pertsonei, eta garajeetarako sarbidea segurtasunez berreskuratzea espero du.




