N-634 errepidea eta Bekea auzoa lotzeko zubi berri bat eta biribilgunea eraikitzeko proiektua idazteko kontratua esleitu du Galdakaoko Udalak. Auzorako sarbidearen segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzea helburu duen jarduketa da.
Kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu zuen Bekeako zubian 2024an eta horren harira, «bide arriskutsua» dela salatu zuten auzokideek, urte askotako aldarrikapena azpimarratuz.
«Urte asko daramagu Udalari konponbide bat eskatzen eta beti esaten digute proiektu bat egiten ari direla, baina ez dute ezer egiten. Ez dago bizilagunik inguru horretatik igarotzean beldurrik izan ez duenik», adierazi zuten orduan auzokideek.
Horri erantzun nahian, Uraren Euskal Agentziarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzarrak izan zituen Galdakaoko Udalak, eta Bekeara sarbide berria eraikitzeko pauso berria eman du orain: zubi berri bat eta biribilgunea eraikitzeko proiektua idazteko kontratua esleitu du.
Team Ingeniería y Consultoría S.L. enpresa arduratuko da etorkizuneko azpiegituraren aurreproiektua, trazadura proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa, eta eraikuntza proiektua idazteaz. Esleipenaren zenbatekoa 284.962 eurokoa da.
Hiru fase
Kontratua hiru fasetan egingo da. Lehenengoan, aurreproiektua eta hasierako ingurumen dokumentua egingo dira.
Bigarrenean aldiz, trazadura proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa. Azkenik, eraikuntza proiektua idatziko da. Lan horien bidez, jarduketa ikuspegi tekniko eta ingurumenekotik definitu ahal izango da, eta beharrezko baimen sektorialak izapidetu.
Proiektuaren helburua «etorkizunean Bekea auzorako sarbidea hobetzea, zubian zein N-634 errepidearekiko lotunean bide segurtasuna handitzea eta Ibaizabal ibaiaren tarte horretako gaitasun hidraulikoa hobetzea» da.
Proiektua idatzi eta beharrezko txosten sektorialak eta ingurumen baimenak eskuratu ondoren, Udalak obrak egiteko kontratua lizitatzeko aukera izango du.




